Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko ekintzak antolatu dituzte

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko azaroaren 23a

Udalak abiatu duen kanpainaren barruan, tabernetan, dendetan... puntu lila jartzeko dei egin dute. B-26 mugimenduak, berriz, parodia bidez salatuko du indarkeria matxista astelehenean, herriko kaleetan.

Domekan, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna da, eta, horren harira, zenbait ekintza egingo dira herrian datozen egunetan.

Udalak dagoeneko egin ditu herritarren artean arazo horren gaineko sentsibilizazioa bultzatzeko zenbait ekimen. Batetik, puntu liladun pegatinak atera ditu –indarkeria horren kontrako ikurra– eta eraikin publikoetan jarri ditu: udaletxe sarreran, igerilekuan, kiroldegian, pilotalekuan, kultura etxean... Baina horrekin batera, herritarrak ere gonbidatu ditu elkarte, erakunde, denda, taberna eta bestelako lokaletan ere puntu lila jar dezaten.
Dagoeneko taberna eta denda ugaritan ikus daiteke puntu lila jarrita, baina Udaletik animatu nahi dituzte pegatinajaso duten guztiak jartzera.

Prebentzio programa abian

Prebentzioaren arloan ere badihardu lanean Udalak. Hain zuzen, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Prebentzio Programa jarri zuen martxan Berdintasun Sailak herriko ikastetxeetan, 2011-2012 ikasturtean, eta orain, jasotako balorazioaren berri dute Berdintasun Sailetik.

Mariaren Lagundia ikastolan, Aranzadi ikastolan eta Ipintza institutuan egin zuten programa, eta, guztira, 363 neska-mutikok, 56 irakaslek eta 55 familiak hartu zuten parte. DBHko lehen mailatik hasi eta batxilergoko lehen mailara  artekoak sartu ziren programan, 12 eta 18 urtekoak, eta saio guztiak euskara hutsean egin zituzten. 
Lahia-Nahia sexologia-elkarteko kideek garatu zuten programa. Hainbat urte dihardute herriko ikastetxeetan sexu-heziketa programak egiten  –Gipuzkoako beste hainbat herritako ikastetxeetan bezala–, eta, gazteekin lan eginda, konturatu ziren euren jarrerak oso sexistak zirela.

Jaurlaritzak 2010ean ateratako txosten batean azaldu zuen 18 eta 35 urte arteko emakumeak direla indarkeria sexista jasaten dutenen %35. Horrekin guztiarekin, sexu heziketa programaren barruan indarkeria sexistaren prebentzioa txertatzea ezinbestekoa zela ikusi zuen Lahia-Nahia elkarteak, indarkeria mota hori harreman afektibo-sexualekin lotuta baitago guztiz. 

Sinismen sexistak aldatu  

Bergarako ikastetxeetan garatutako programa eraginkorra izan da. Lahia-Nahiak egindako balorazioak dio saio horiei esker gazteen sinismen sexista batzuk aldatzea lortu dela. Hauxe diote: "Ikasleek orokorrean emakumeekiko jarrera hobea dutela ikusi dugu; hau da, adibidez, programaren ondoren gutxiagok pentsatzen dute emakumeek sexismoaren arazoa gehiegitzen dutenik, emakumeek orokorrean sexu-erakarpenaren bitartez gizonak manipulatzen eta kontrolatzen dituztenik, edota feminismoaren helburua gizonak emakumeen menpe jartzea denik. Bestalde, jarrera kritikoagoa dute emakumeak ohiko roletan mantenduz gero jasotzen dituzten mezu positiboen erabilkeriaren aurrean".

Saioen ostean, nesken desioa bikotekideak zaindua eta babestua izatearen ideiaren aurrean ere kritikoagoak direla diote: "Kritikoagoak, azken finean, ideia horrek adierazten dituen pentsaeren aurrean: emakumeak ahulagoak izatearena; euren burua bakarrik defendatzeko ezintasuna; arrisku gehiago izatearena; eta gizonen babesa behar izatearena".

Parte hartu zuten ikasleei dagokienez, programa oso egokia eta bizitzarako erabilgarria iruditu zitzaiela aurreratu dute.

Indarkeriak aurpegi asko ditu

B-26 mugimenduak egiten duen hileroko ekintza emakumeen kontrako indarkeria salatzeko erabiliko du oraingoan. Astelehenean San Martin plazan batuko dira, 19:00etan, eta handik abiatuta, herriko lau gunetan egingo dituzten beste horrenbeste parodiarekin salatuko dute emakumeen kontrako indarkeria. Indarkeria mota horrek aurpegi ugari ditu, eta horietako lau salatuko dituzte antzerki bidez: San Martin plazan irudikatuko dute zaintza lanak emakumeen esku daudela; Irala kalean, emakumeek lan baldintza prekarioagoak izatea parodiatuko dute; Simon Arrietan, pobrezia eta bazterketa sozial handiagoa jasatea; eta Eusebio taberna aurreko plaza txikian, berriz, sexu jazarpena. Bestalde, hilaren 26ro egiten duten moduan, salaketa-petoak eroango dituzte, zenbait lelorekin, eta burrundara ere egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak