Ziklismo denboraldiari agurra, Elorregiko elkartean

Xabier Urtzelai 2012ko azaroaren 20a

Urteroko ohiturari jarraituz ziklismo-zale koadrila polita batu zen egubakoitzean Elorregiko elkartean, ziklismo denboraldia agurtzeko asmoaz. Mahaiaren bueltan batu ziren zale bergararrak, Lokatzako ordezkari eta ziklistak, eta baita goi mailako ziklistak ere. Markel Irizarrek hitzorduz betetako asteburua izan zuen –zapatuan bere lagunartearen bazkaria izan zuelako–, eta afarirako aurtengo fitxaketa Jon Izagirre izan zen, Italiako Giroan besoak altxa dituen ormaiztegiarra.

Urtearen errepasoa egin, lagunartean afaldu, eta datorren denboraldira begira ze asmo dagoen ikusi. Horretan ibili ziren egubakoitzean Elorregin batu ziren lagunak. Beste urte batzuetan fijo izan diren lagun batzuek ezin izan zuten etorri: Juanma Garatek eta Patxi Vilak azken orduan egin zuten kale, eta Odriozolak eta Velascok ere ezin izan zuten afarian egon. Aurreratu moduan, baina, Jon Izagirre izan zen nobedade, lehenengoz etorri zen-eta Goierrikoa. Pena, anaia kanpoan zuela.

Bapo afaldu ostean urtero hitzordurako prestatzen duten bideoa erakutsi zuten. Aurtengoa berezia izan zen, Bergarako Bandak ereserkia egin berri diolako Lokatzari, eta ereserkiaz lagunduta gazteen irudiak erakutsi zituzten; denboraldiari errepasoa.

Ondoren ziklisten ordua iritsi zen: Sanpru aurkezle lanetan, eta Iñigo Chaurreau kazetari maltzurrarena egiten.

Sanpru, Irizar eta Chaurreau; gaueko lehenengo galdera.

Irizarri Armstrongen gainean galdetu zioten, baina Oñatikoa ez zuten ezustean harrapatu. Eta Izagirrek Giroko etapako azken metroetan bizi izandakoak kontatu zituen. Argazkian, oroigarria jasotzen:

Jon Izagirrek ere jaso zuen oroigarria.

Eurekin batera, urteko gorabeherak kontatu zituzten Mikel Aristik, Hodei Orobengoak, Jon Riverok eta Eneko Lizarraldek. Jakinekoa da Mikel Aristik maila kontinentaldean korrituko duela, Euskadi fundazioaz. Orobengoak eta Riverok Debabarrenan jarraituko dute, eta Lizarraldek erronka berria izango du Bidelan taldean, Jon Odriozolaren ondoan.

Mikel Aristi eta Jon Izagirre.

Irizar eta Bidelanen korrituko duen Eneko Lizarralde.

Jon Rivero, Chaurreauren galderari erantzuten.

Hodei Orobengoak Debabarrenan jarraituko du.

Gazte mailatik afizionatuetara salto egingo duten Asier Taboada, Jon Aranzabal eta Xabier Gallastegirendako ere galderak izan ziren. Nahiz eta afarian egon ez, afizionatuetan izango dira, baita ere, taldeko Jokin eta Beñat Etxabe anaiak. Etxabetarrak Debabarrenara joango dira, baita Xabier Gallastegi ere. Zehaztuta ez badago ere, baliteke Unai Arantzabal eta Asier Taboada Kanpanzar Harrobiak taldera joatea, eta Xabier Labakak ez du afizionatu mailan korrituko, triatloi munduan jarduteko asmoa duelako.

Xabi Gallastegi, Irizarrekin.

Jon Aranzabal eta Izagirre.

Asier Taboada eta Irizar.

Xabier Labakak triatloietan jarduteko asmoa du.

Lokatzako ordezkariak, Aristik emandako oroigarriaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak