Nats Nus taldea Marta Navaridas donostiarrak eta salzburgoko Alex Deutingerrek osatzen dute. Itzultzaileak eta performerrak dira biak. 2007az geroztik bikote artistiko gisa jarduten dute euren sorkuntza eszenikoak
taularatzen.
Lehenengo lanari esker (‘Look at them Now’, A study of the Perfect Human), Bilboko ACT Jaialdiko Accesit Saria irabazi zuten, bai eta CCL zentro koreografikoaren Tall Order saria ere. Espainiako, Belgikako, Holandako, Ingalaterrako, Esloveniako, Austriako, Suitzako, Mozambikeko, Kroaziako eta Alemaniako jaialdi eta antzokietan agertzeko gonbidapena jaso dute euren lanek. Gaur egun Testamendu Zaharrean oinarritutako proiektu eszeniko bat prestatzen ari dira, DanceIreland (Dublin), Danses Hus (Stockholm), Dansescen (Kopenhage) eta Tanzquartier (Viena) konpainiekin batera.
‘Your Majesties’ lanean, 2009ko urriaren 9an Oslon Bakearen Nobel Saria jasotzeko ekitaldian Barack Obamak egindako hitzaldia leialtasunez errezitatzen du Alex Deutinger dantzari eta performerrak. Marta Navaridas koreografo eta itzultzaileak gidatzen ditu haren mugimenduak, eta AEBko presidentea txotxongilo bihurtzen du; beste errealitate batera eramango gaituen txotxongiloa, hain zuzen. Errealitate horretan, gorputzak ukatu, aldatu, azpimarratu edo desitxuratu egiten du hitzek adierazten dutena.