Xabier Mendiguren idazlearen “Publikoari gorroto” antzezlana, Manex Fuchs-en zuzendaritzapean, Bergarako Zabalotegi Aretona heldu da.
Euskal teatroan leku bat eraikitzea du xede. Publikoari huts ez egitea du amets.
Publikoari gorroto idazteko, Xabier Mendigurenek Antonin Artaud-ren eragina aipatzen du. 'Antzerkia eta bere doblea'. Aktorea eta taula zuzendaria, pertsona eta pertsonaia, ni eta nire mamua. Baina antzerki hau ez da 'metateatroa'. Izatekotan, ekintza teatral bat da, oholtza gainean gizon eta emazte erretzen dituena, krudela zer den ikus eta entzun dezagun. Arma arkaikoak izango ditugu eskutan: maskara bat, margoak eta animatua izatea eskatzen duen zenbait gauza.
Eszenografia: oihal gorri pare bat, zerbait gordetzekoa dutela argi uzteko.
Gaineratekoa jokoa izango da, kodigo guzietan aritua, moralki desegokia, mugagabea. Garbiki erraiteko, gure burua edo auzoarena torturatzeko dugun irudimena agerian utzi nahi dute. Norberak bere bizia eszenifikatzeko egiten duen indarra. Amodioa eta gorrotoaren arnasa. Eta hondarrean, miseria. Itsuski ederra, krudela.
Aktoreak, Ander Lipus (Aktorea), Iñaki Ziarrusta (1. Ikuslea), Miren Tirapu (2. Ikuslea) dira.