Sortzaileen arima eraikitzen

Maider Arregi 2012ko azaroaren 19a

Jone Gorostartzu, Izaskun Etxeberria, Iñaki Odriozola, Itziar Gomez, Xabi Lopez…. sortzaile askoren artean, izen batzuk dira. Makina bat istorio eta esperientzia bizi eta idatzi dute dagoeneko, urria ezkero abian da-eta Bergarako Idazle Eskolako gradu-ondokoa, hamargarren urtez.

Bertan dihardute ikasle izan diren asko orain eskolak ematen. Xabi Lopez ikasle ohiak hainbat antzerki sari eskuratu ditu. "Antzerki ikasketak gaztelaniaz egin nituen, eta euskaraz idazten ondo ikasi nahi nuen. Konfiantzaz idazten lagundu dit Idazle Eskolak". Dramaturgia irakaslea lanetan dabil egun. "Oso gustura nabil, irakasle-ikasle arteko lagun talde bat aurkitu dut-eta hemen". 

Izaskun Etxeberria ere ikasle ohia da; hainbat ipuin sariketa irabazi ditu, gainera. Luma berrien eleak aldizkariaren azken bi urteetako koordinazio lanetan ibili da. "Egun, Nafarroako Berriako Hitza-n kolaboratzen dut. Esperientzia ona eta oso positiboa izan da; bi ikasturte dira, baina hirugarren maila bat edukitzea ere faltan igarri dut lantzen eta aberasten jarraitzeko". Deskubrimendua izan dela azaldu digu, eta pare bat sari ere irabazi dituela. "Hor zegoen zerbait piztu dit barrenean, eta ipuin arloan sakondu gura izan dut".

Jone Gorostartzuk poema arloa landu du. "Oso esperientzia positiboa izan da. Betidanik izan dudan afizioa lantzeko aukera eman dit. Taldean konpartitzea norberaren dudak eta lanak oso aberasgarria izan da". Karmele Igartua beka ere Gorostartzuk jaso zuen. Hala, jaio da kaleratu duen Des-egiten poesia liburua. "Konturatzerako, poema bilduma egin nuen Idazle Eskolan. Karmele Igartua beka eman zidatenean,  epaimahaikideek animatuta poema bilduma hori batu eta kaleratzea erabaki nuen", azaldu digu Gorostartzuk.

'Idazten.com'

Iñaki Odriozola ikasle ohia dabil  Idazten.com webguneko koordinatzaile lanak egiten. "Jende gazte oso ona dator, poesia arloan, bereziki. Nik jendea animatu nahi dut webgunean sartu eta irakurtzera bertan dauden idatzi eta poesia lanak, merezi dute-eta", nabarmendu digu Odriozolak. 

-------------------

Idazle Eskolan, erreferentea

Karmele Igartua idazle aretxabaletarraren Itsaso Kontra bat lana Espainiako Poesia Sari Nazionaleko euskarazko atalerako hautatu dutela kontatu digu Tere Irastortzak. Jone Gorostartzuk gertutik ezagutu zuen Igartua eta haren lana."Pertsona eta idazle bezala ezagutzeko aukera izan nuen. Erreferente bat da, dinamika egoteko lan asko egin du Idazle Eskolan; Ilunabar literarioak bultzatzea, esaterako”, azaldu digu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak