Hitz gurutzatuen binakako lehiaketa deitu dute Euskararen Egunerako

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko azaroaren 23a

Euskararen Egunaren inguruan, abenduaren 1ean eta 3n hainbat ekitaldi antolatu dira aurten ere. Horietako bat da Hitz gurutzatuen binakako lehiaketa. Joan zen urtean antolatu zuen Udalak lehenengoz, eta aurten ere egin nahi dute.

Lehiaketa abenduaren 1ean izango da eta parte hartu ahal izango dute Bergaran bizi edo ikasten ari diren guztiek. Bi kategoria bereiztuko dituzte: A kategorian, 12 eta 16 urte artekoek hartuko dute parte.

Multzo horretan sartuko dira baita ere 2012an adin horiek betetzen dituztenak ere. B kategorian, 17 urtekoak edo zaharragoak sartuko dira; baita aurten 17 urte betetzen dituztenak ere.

Kategoria ezberdinez osatutako bikoteak ere onartuko dira eta horien kasuan, partaide zaharrenaren kategoriakoak direla ulertuko da. 

Bedelkarren erosteko bonoak

Izena emateko azken eguna 2012ko azaroaren 28a izango da. Horretarako www.bergarakoeuskara.net webguneko inprimakia –http://www.bergarakoeuskara.net/euskararen-eguna-hitz-gurutzatuak– erabiltzea gomendatzen dute. Arazoren bat izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzuak e-postaz –euskara@bergara.net– edo telefonoz ere egin daiteke –943 77 91 66 zenbakia.

Sariei dagokienez, Bedelkar merkatarien elkarteko dendetan erosteko bonoak izango dira eta kategoria bakoitzeko lehenengo lau sailkatuek jasoko dute. Bestetik, parte-hartzaileen artean zenbait kultura produktu ere zozketatuko dira.

Abenduaren 1ean jokatuko da

Abenduaren 1ean jokatuko da lehiaketa. San Martin plazan batuko dira lehiakideak 11:00etan, eta 11:30ean hasiko da saioa. Ez da hiztegi elektronikorik ez eta ordenagailurik onartuko, bai ordea hiztegi-liburuak.

Bi aldi izango ditu lehiaketak, 11:30etik 12:15era sailkapena jokatuko da eta 13:00etatik 13:45era, berriz, finala.

Sailkapenari dagokionez, kanporaketa izaerakoa izango da. A kategoriakoek 10x10 lauki dituen hitz gezidunen ariketa egingo dute eta B kategoriakoek, 12x12 lauki dituen hitz gurutzatua. Horretarako 45 minutuko denbora izango dute.

Proba horretan aurreneko lau postuetan geratu diren lehiakideak sailkatuko dira finalerako. Hain zuzen, jarritako denboran akasdun lauki gutxien dutenak igaroko dira finalera. Akats kopuruan berdinketa balego, denbora hartuko da kontuan.

Finalari dagokionez, A kategoriakoek 11x11 lauki dituen hitz gurutzatu taula beteko dute eta B kategoriakoek, 12x15 lauki dituena. 45 minutuko denbora egongo da lana egiteko. Kasu honetan ere, akasdun lauki gutxien dutenak izango dira irabazle eta akats kopuruan berdinketarik balego, denbora hartuko da kontuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak