Jakiundek Bergarako egoitza ofiziala inauguratu du

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko azaroaren 13a

Bergarako Olaso dorrean edukiko du aurrerantzean Jakiunde Akademiak bere egoitza ofiziala. Gaur egin dute aurkezpena medioen aurrean eta ondoren, egokitutako bulegoak erakutsi dizkiete bertaratutakoei. Egubakoitzean egingo dute lehenengo bilera egoitza berrian.

 

Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademia da. 2007an eratu zen Donostian Eusko Ikaskuntzaren ekimenez.  Helburua, maila goreneko erakunde aholkulari gisa, jendartearentzat erreferentziazko foroa izatea da.
Orain arte Donostian kokatuta egon den arren, hemendik aurrera Bergarako Olaso Dorre zaharberrituan edukiko du egoitza ofiziala.

Egoitzaren aurkezpena egin dute gaur goizean medioen aurrean, eta bertan egon dira, Jakiundeko presidente Jesus Mari Ugalde, Pedro Migel Etxenike akademiako ohorezko presidentea, Jose Luis Elkoro Olaso Dorrea Fundazioko presidentea eta Carlos Ruiz Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendaria.

Jakiundek Olaso Dorrea Fundazioarekin batera partekatuko du eraikin zaharberritua. Bilera gelak eta bulegoak egokitu dituzte azken solairuan horretarako. Zientzia, Arte eta Letren akademiako lehendakari Jesus Mari Ugaldek egoitza Bergaran kokatu izana garrantzitsua dela adierazi du: "Bergara geografikoki erdian kokatutako udalerria da. Gainera, Olaso Dorreak historia handia dauka atzean, tartean, ilustrazioko aztarna handia dauka bere baitan".

Bat etorri da Kutxako ordezkari Carlos Ruiz ere, adierazi moduan, Olaso dorrean eginiko inbertsioak merezi izan du, historia handiko eraikina delako.

Azken bost urteetan Euskal Herriko lurralde ezberdinetan bildu da Jakiunde akademia bilerak egiteko eta hemendik aurrera berriz, debagoienean elkartuko dira. Aurreneko hitzordua egubakoitz honetan izango dute. Bertan bi saio egingo dituzte, lehenengoa irekia izango da eta herritar guztiak daude gonbidatuta parte hartzera. Tartean, Jakiundeko kide berrien inbestidura saioa egingo dute bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak