Pobrezia irakasgai denean

Maider Arregi 2012ko azaroaren 13a

Egoera gogorren aurrean irribarrea aurpegian marraztea zaila dela uste dugunean, El Gallinero-ko gazteek eskema guztiak apurtzen dizkigute. Raul, Madalin, Soronza, Isaac, Bianca, Suedia... oso gutxirekin bizi dira, baina guk albo batera utzita ditugun balioak puri-purian dituztela erakutsi digute.

"Denak ezin genituen ekarri eta 37 haurrekin etorri gara; zaila egiten zaigu azaltzea zergatik batzuk txabola herrixkan geratu diren, baina lortzen dute barneratzea; oso gogorrak dira eta badakite errealitatea eta normalizazioa erakusteko egiten ditugula irteera hauek", azaldu digute Cañada Realgo Santo Domingo eta San Carlos Borromeo parrokietako lau boluntarioek. 8 eta 11 urte bitartean dituzte eta eguen arratsaldean Elosuko apaiz etxera iritsi ziren. Asteburu osoa eman dute gure artean. "Oso pobreak dira eta pena ere eman digute; etxean genituen arropak eman dizkiegu", azaldu digute Mariaren Lagundiko Beñat eta Iñaki ikasle gaztetxoek. "Futbolean, sokatiran, pilotan... edozein kiroletan oso onak dira!", diote. 

Erronka gogorra 

Gizarte Integraziorako goi mailako hezkuntza zikloko ikasleek proposatutako proiektua da. "Sekulako erronka eta esperientzia izan da gure ikasleendako. Guztiz aberasgarria euren ikasketak osatzeko eta sendotzeko", esan digu Susana Apariciok, Lanbide Heziketako irakasleak. "Gauza gutxirekin oso pozik bizi daitekeela erakutsi digute umeek. Beste ikuspuntu positiboago batetik ikusten dituzte gauzak", dio Leire Peña ikasleak. 

-----------------

"Zapatuan berriz eskolara joango gara?"

Gomistegi bereziki gustatu zaie El Gallinero-ko umeei. Artzain txakurren erakustaldia egin zieten, eta "adi-adi eta isil-isilik" jarraitu zuten, bai erakustaldia, bai Gomistegikoek azaltzen zietena. Horrekin batera, ikastolara oso gustura joan dira; egubakoitz arratsaldean, ume batek arduradunari "Bihar eskolara joango gara?" galdetu zion.  Domeka eguerdian bueltatu ziren ume ijitoak etxera, Bergaran egin dituzten lagunak gogoan dituztela; haiendako marrazkiak, gorantziak eta patxoak utzi dituzte. Mariaren Lagundiko arduradunek azpimarratu nahi dute debagoiendarren "laguntasuna eta pazientzia" ere: "Harrituta geratu gara erantzunarekin; jende guztia egon da laguntzeko gertu", esan digute.

-----------------

Soronza (El Gallinero-ko umea): "Oso jatorrak dira hemengo umeak. Joko asko egin ditugu eta asko gustatu zait Bergara; baina nire etxea ere gustuko dut. Lagun asko egin ditut".

-----------------

Julene Arana (Lanbide Heziketako ikaslea): "Umeak eskolaratzeko motibazio lanetan eta dinamizatzaile gisa ibili gara. Hirugarren mundua ematen du. Katuen tamainako saguak dituzte han".

-----------------

Isaac, Suedia eta Estera (El Gallinero-ko umeak): "Maitatuta sentitu gara; oso onak garela futbolean esan digute. Nire irakasleak esaten du garrantzitsua dela eskolara joatea. Irakurri, jolas egin, eskulanak egin... goizero hartzen dugu autobusa eskolara joateko".

-----------------

Yerai, Markel eta Gorka (Mariaren Lagundiko ikasleak)"Ondo moldatu gara eurekin. Eskuzabalak izan behar dugula eta lagundu egin behar diegula ikasi dugu; oso baldintza gogorretan bizi dira, eta pena eman digute. 4 pertsonak lo batera egiten dutela diote".

-----------------

Ane, Leire, Abinet eta Miren ((Mariaren Lagundiko ikasleak)"Euren argazkiak ikusten egon gara eta pena eman digute. Gogorra da, eta ume txikiagoendako gogorragoa oraindik. Izen arraro baina politak dituzte. Pixka bat lotsatuta daude, baina jatorrak dira. Arropa eskatu digute eta guk etxetik ekarri dugu erabiltzen ez duguna".

-----------------

Jorge Fernandez (boluntarioa): "Herrixkako umeen ia %80 eskolara joatea lortu dugu sei urteko epean"

Jorge Fernandez boluntarioak El Gallinero ijitoen herrixkan sei urte daramatza lanean Cañada Realgo Santo Domingo eta San Borromeo parrokiekin elkarlanean. Txabolaz osatutako herrixkako 37 umerekin etorri da gurera.

Zein da El Gallinero-ko errealitatea? Errealitate hori ezagutu egin behar da ulertzeko. Adibidez, Bergarara joateko autobusaren zain geundela, euria ari zuen. Dena lokatzez beteta, aterpe barik, eta babesean  egoteko tokirik gabe egon gara 37 umeak eta lau begiraleak. Txabolek itoginak dituzte eta oheak bustita lo egin behar dute. Ezin duzue imajinatu zelako baldintza gogorretan bizi diren. 

Eta eguneroko bizitza? Haurrak eskolara joaten dira goizean eta bueltan egoteko tokirik ez duten txaboletara bueltatzen dira. Ezin dituzte etxeko lanak egin eta ikasketak egin; oso leku txikian dena dute, sukaldea, ohea… ez dute intimitaterik ezer egiteko. Horrela ezinezkoa dela egoera normalizatzea eta oinarrizkoa edukitzea konturatu gara. Bertako 100 familiak oso txiroak dira; ez dute komunik eta 500 pertsonak euren beharrak kalean egiten dituzte. 

Instituzioek zein erantzun eman diote egoerari? Errealitate gordin horren aurrean instituzioek beste alde batera begiratzen dute. Oinarrizko baldintzak ere ez dituzten arren.  Lanean hasi ginenean, orain 6 urte, 5 bat zihoazen eskolara; egun, 120-130 doaz. Eskolara joatea ez da hain erraza eurendako, minimo batzuk bete behar dituzte-eta; tartean, arropa izatea. Pobreziaren usaina dute, pobreziak usaina du-eta. Horren guztiaren errua eurak datozen pobreziak dauka, eurek soilik dakitena. Heroiak dira, goizean normaltasun baten barruan bizi dira eskolan, eta gero errealitate gogor batera bueltatu behar dira eta ez dira erotzen! Gero administrazioak eskatzen die egoera ezberdinetara adaptatzeko; harrigarria. Oso zaila da administrazioa sentsibilizatzea umeek bizi duten egoera larriaren aurrean. 

Zer lortu duzue? Osasun arloan umeen %100ek txertoa jasotzea; hasi ginenean gehiengoa txertatu gabe zegoen. Bertako medikuak eta erizainak 5 urtean lortu dute hori. Baita emakumeen arreta ginekologikoa izatea ere –jaiotza-kontrola lortu dute, oso zaila dena ijitoen artean–.  Hezkuntza arloan ere ia %80 eskolaratzea lortu dugu. Baina oraindik badaude oinarrizko beharrak ere; esaterako, egunero jatea.             

Zer erakutsi dizute? Sekulako poztasuna eta eskuzabaltasuna erakusten dute. Sentsibilitate handiz, duten gutxia konpartitzen dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak