Erlauntzaren sekretua ederto argitu zuten zapatuan Zabalotegin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2012ko azaroaren 11

Naturak berba egiten zuen baserri giroan kokatutako ipuin musikatuan murgildu gintuzten Bergarako musika eskolakoek zapatuan Zabalotegin. Josemari Iturralde idazleak idatzitako Erlauntzaren sekretua istorioari, David Azurtzak egin dio musika. Haur txiki edo hastapenetako koruentzako idatzitako ipuina da; gehienbat, kantuz kontatutakoa. Birritan kontatu zuten Zabalotegin, zapatuan. Gu, lehenengoan izan ginen, estreinaldian.

Eskenatokiaren erdian, istorioko izarra zen erlauntzaren alde bietan banatuta, 44 neska-mutiko zeuden; txikienak 4 urte zituen eta 9 berriz, handienak.  Eskuinetara, Marije Ugaldek, Eskolako zuzendariaren gidaritzapena, talde istrumentala: Ane Zangitu, txeloan; Nekane Gabilondo flautan; Marijo Juaristi klarinetean eta Angel Agiriano akordeoiarekin. Guztiak, eskolako irakasleak. Ezkerretan, gehienbat kantuz kontatutako istorioaren haria lotzen zuen Aitzol Mujika, ikasle baten aita, narratzaile lanetan. Horiek guztiak ikuslearen bistara, taularen gainean, besteak beste, gurasoek egindako tximeleta, belar edo itsasoaren irudiekin apainduta. Efekto bereziak ere izan ziren gainera!

Atzean, berriz, hilabetetako lana eta eskarmentu handiko profesionalak lan-taldean, horien artean: David Azurtza konposatzailea; Joxemari Iturralde, idazlea; Valen Moñux eskenografiaren arduraduna.

Ikusleen konplizitatea

Jarlekuak beteta, aretora sartzeko ilara egin zuten gurasoak eta senitartekoak gehienak. Kamarak eskuetan eta aurrean zutenari adi begira. Etxeetan egindako horrenbeste entsegu eta prestaketa lanen ondorioz, aretoko 2 aldetan nabaria zen ilusioa eta konplizitatea.

Estreinura joandako ikusleak aretotik orduko, zain zeuden kanpoan bigarrenerako ikusleak. Protagonistak, gogotsu, eta lasaiago, berriz ere taula gainera igotzeko. Egindako lanaren fruitua dastatu genuen Zabalotegin, baina izango dira aukera gehiago, urte bukaeran Tolosan egitekoak dira eta ibarrean ere  gehiago egin gura dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak