DYAko presidenteak esan du aspalditik zuten erronka bat zela Bergarako zonaldean kokatzea DYAko lokal bat. "Azken urtetan ilusio handiarekin ibili gara Bergaran lokala lortu nahian, eta azkenean lortu dugu. Oso pozik gaude, gustura" zioen Artolak.
Zerbitzuak eta boluntarioak
DYAk eskaintzen dituen zerbitzu guztiak jasoko dira bertan: anbulantzienak, gizarte zerbitzuak, prebentzio eta formakuntza lanak... Horretarako, boluntarioen lana beharrezkoa da. Gaur egun DYAk 450 boluntario ditu eta Bergarako egoitzan 15 lagun inguru izango dira. Artolak dei egin du jende berriak boluntario egin nahi badu eurengana hurbiltzeko: "Jendeari esan nahi diogu hemen gaudela eta boluntarioak ongi etorriak izango direla. Jendeak beste batzuei laguntzeko gogoa eta grina badauka, etor daitezela guregana eta geuk emago diogu formakuntza".
Debagoieneko bakarra
DYA sortu zenetik Debagoienean Antzuolan izan du egoitza orain arte. Hala ere, urte askoren ostean, orain Antzuolan arazo bat izan dute lokalarekin eta hori itxita, Bergarako egoitzak hartuko du Debagoieneko DYAko lekukoa. "Pena handiz utzi dugu Antzuola, hala ere, horrek ez du esan nahi ez garela bertara bueltatuko, baina zerbitzu berak eskaintzen jarraituko dugu Bergaran ere" esan digu DYAko presidente Jose Luis Artolak.