Gipuzkoako Foru Aldundiaren politikaren ardatzetako bat herritarren parte-hartzea da. Iaz, Foru Aldundiak aurrekontuak egin ondoren jo zuen gipuzkoarrengana, haien berri ematera, eta aurten, aurrekontuak egin baino lehen jaso du herritarren iritzia Herritarrekin ekimena martxan jarrita.
Orain, aurrekontuak eginda, Foru Aldundiko ordezkariak berriro itzuliko dira herrietara, Martin Garitano buru dutela, 2012ko aurrekontuaren balantzea jakinarazteko eta 2013ko aurrekontu proposamena herritarrei aurkezteko.
Herritarrekin egitasmoaren baitan, hamar bilera egingo dira, lurraldeko beste hainbeste herritan. Bergaran azaroaren 27an izango dira, Zabalotegi aretoan, 19:00etan.
Gainerako herriak hauek izango dira: Errenteria (azaroak 15), Eibar (19), Irun (20), Tolosa (21), Zarautz (22), Beasain (26), Azpeitia (28), Donostia (29) eta Hernani (abenduak 4).
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontuak herritarrekin lantzeko berezko eredua diseinatu nahi du, eta beraz, bide horretan emandako aurrerapausoa da aurtengo bilera sorta hau.
2013ko aurrekontu proiektua datorren astelehenean, hilak 12, aurkeztuko dute Batzar Nagusietan ahaldun nagusiak, Martin Garitanok; Ogasun diputatuak, Helena Francok; Jesus Mari Agirrezabalak Finantza eta Aurrekontuetako zuzendariak; eta Lohitzune Txarolak, Batzar Nagusietako lehendakariak.