Francis Diez: "Kontzertu berezia izango da Bergarakoa; bertan egotea ez zaio inori damutuko"

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko azaroaren 11

Doctor Deseo taldeak Bergarako Udal Pilotalekuan joko du azaroaren 17an. Al amanecer seguir soñando diskoarekin dator, baina kontzertu berezia antolatu dutela aurreratu dio Francis Diez abeslariak GOIENAri.

Biraren azkenetan dago Doctor Deseo. Zer-nolako kontzertua eskainiko duzue Bergaran?

Biraren azkenetan gaude, bai, eta, egia esan, oso momentu berezia bizi dugu orain. Agertokian jarri dugu indar guztia eta Bergarako kontzertua berezia izango da, duda barik.

Ze ikusi eta entzungo dugu, ba, Bergarako pilotalekuan?

Bi arrazoirengatik izango da berezia: batetik, berezia izango da tokiagatik. Bergarako kontzertua Udal Pilotalekuan izango da eta aretoek ematen ez dituzten aukerak ematen ditu frontoi batek. Hau da, pilotalekuan eserita zein zutik jarraitu ahal izango du kontzertua jendeak, eta horrek aukera ezberdinak eskaintzen dizkigu. Taldeko teknikariak egon dira dagoeneko pilotalekuan, soinu probak egiten, eta soinu egokia dela baieztatu dute; beraz, alde horretatik ez da arazorik izango. 

Bestetik, kontzertu guztiak bereziak izaten ahalegintzen gara, eta Bergarakoa beste erronka bat da guretako. Azken petardo-sorta izango da. Kontzertura joaten denari ez zaio damutuko joan izana.

Azken lanak antzerki kutsu berezia ere badu. Ikusiko da hori Bergarako kontzertuan?

Bai, horixe. Horrek guztiak izango du isla Bergarako emanaldian. Gainera, Gipuzkoako azken-aurrekoa izango da, Andoaingoa bakarrik geldituko zaigu; horren ostean, erretiratu egingo gara lanerako eta oholtza gainera 2014an bueltatuko gara berriz. Bergara eta ingurukoendako ez ezik, Elorrio eta Durango aldekoendako ere aukera izango da datorren asteko kontzertua.

Kontzertu hauen ostean atseden hartuko duzue, beraz?

Bai, lan berria prestatzeko. Baina orain, gelditzen zaizkigun kontzertuak bakarrik ditugu buruan.

Zuzenekoak ere indarra du, ezta?

Bai, sekulakoa. Lana lana da, bai, eta disko berri bat prestatzeko fasea oso garrantzitsua da guretako ere, baina edozein musikarirendako pisu handia du agertokiak, hortxe erakusten duzulako lana. Guk oso serio hartzen dugu lan hori, asko lantzen ditugu zuzeneko kontzertuak. Eta Bergarakoa ez da salbuespena izango, festa polita izango da. 

Hamahirugarren lana da Al amanecer seguir soñando. Zenbaki esanguratsua da hamahirua.

Zenbaki ona iruditzen zaigu eta indar berezia jarri dugu lan honetan. Antzerki formatua eman gura genion hamahirugarren lanari. Metaformosiaren formula berreskuratu eta beste esparru batera eraman gura genuen lana. Pozik gaude emaitzarekin. Euskal idazle eta margolarien kolaborazioa izan dugu, eta polita izan da.

Jesus Maria Lazkano pintore bergararra da horietako bat.

Benetan pozgarria izan da idazle zein margolari horiekin guztiekin kolaboratzea. Batetik, diskoak izugarrizko arrakasta izan du. Aurrekoak baino hobeto saldu da, ale kopuru gehiago denbora laburragoan. Gainera, kontuan izan behar da bizi dugun egoera ez dela ona eta disko salmentak ere behera egin duela.

Eta hori guztia posible izan da guztion elkarlanagatik. Diskoa bera guztion artean egin dugu-eta. Kontua ez da idazle eta marrazkigile horiek lana ilustratu bakarrik egin dutela, taldearen ikuspegia zabaltzeko lana egin dute. Bi esaldi jarri genituen abiapuntu moduan: "Maitagarrien ipuinak egiazkoak dira, dragoiak existitzen direla erakutsi ez ezik, garaitu daitezkeela erakusten digutelako"; eta "amestu, desiatu, izorratzen gaituen guztia birmoldatzen saiatu". Hortik aurrera bakoitzak nahi zuena egin zuen. 

Berriz errepikatzeko moduko formula da, beraz?

Oraingoarekin, behintzat, oso gustura gaude. Oso ondo funtzionatu du eta benetan gozagarria da idatzi, margotu edo musika egiten duten artistekin lan egitea. Esperimentatzeko beste bide bat da, duda barik. 

Martxoan egin zenuten lehen zuzenekoa. Zein da orain arteko bizipena, esperientzia?

Egia esan, esperientzia interesgarria eta arriskugarria izan da. Bizi dugun krisi egoera zein den jakinda, taldekide kopurua edo ikuskizuna murriztu beharrean, bi taldekide berri hartu eta emanaldi berezia prestatzearen alde egin genuen, eta emaitza ona izan dela esan dezakegu, areto handiak betetzea lortu dugu-eta. 

Krisia bazter guztietara heldu da, ezta? Baita kulturara ere.

Bai. %13 igo da artistok, aretoek edo kultura munduko eragile ezberdinek ordaindu beharrekoa, eta horrekin egin beharko dugu aurrera, nahiz eta dezente estutu gaituen igoera horrek. 

Hamar abesti ditu lan berriak. Horietako bat euskaraz. Bergaran ere entzungo zaitugu euskaraz?

Azken hamar diskoetan saiatu gara abesti bat edo beste euskaraz egiten. Euskararekiko dugun konpromiso bat da. Euskararen Egunean, esaterako, joan den urtean, euskaraz egin genuen kontzertua, Mendizorrotzan, eta garrantzitsua izan zen guretako. Geurekin dugu euskara, eta konpromisoa dugu harekin.

1987an atera zenuten lehen lana. Denbora pasatu da ordutik hona.

Bilbao Hiria denaren hastapenak izan ziren lehiaketa bat irabazi genuen urte hartan. Sorpresa izan zen denondako, sorpresa ona, noski. Musika egiten hasi berriak ginen gu orduan eta inork ez zuen gure garaipena espero. Dirua zen saria, eta diru harekin lehen lana autoproduzitu genuen. Suicidas etxeak ekoiztu zuen ondoren, eta hortxe hasi zen gure ibilbidearen hasiera.

Egia esan, inoiz ez dugu etorkizunarekin pentsatu, orainarekin baizik. Une honetan ere bira bukaerarekin ari gara buru-belarri. Eta, egia esan, modu horretan lan egiteak emaitza onak eman dizkigu orain arte.

Entzuleak aldatu egin dira?

Gure bidea gure garapen pertsonalari lotuta egon da, bilakaera indartsua egon da taldean, ez bakarrik estetikari begira, eta horrek, noski, isla izan du entzuleengan ere. Horregatik, asko pozten gaitu adin ezberdinetako entzuleak ikusteak. Lehen kontzertuetara etortzen zirenak dira entzuleetako asko, baina badaude oraintxe ezagutu gaituzten 18-19 urteko gazteak ere, eta hori ederra da, benetan. Garrantzitsua da taldea publikoari begira eraberritzea ere. Bakarrik lehen diskoetako entzuleak izateak esan gura du taldea nostalgia fasean sartzen ari dela, eta hori tamalgarria da. 

Bergarako kontzertura joateko arrazoi bat?

Berezia izango da, dugun guztia emango dugu, eta jendeari gustatu egingo zaio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak