Mikel Zubimendi: "Aro honetako galdera askoren erantzunak gure historia propioan bilatu daitezke"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko azaroaren 8a

Datorren otsailaren 23an egingo du Sortuk alderdi berriaren sorrera ekarriko duen lehen kongresua eta, ordura arteko bidea egiteko, eratze prozesuaren gaineko txostena atera du ezker abertzaleak. Lau hilabetez luzatuko da prozesua eta helburua izango da datorren urtetik aurrera ezker abertzalearen erreferente politiko berria izango den indarraren ezaugarri nagusiak nolakoak izan behar diren argitzea eta erabakitzea. Herriz herri egingo dituzte batzarrak eta eztabaidak, eta atzo –eguaztena– horren guztiaren berri emateko aurkezpena egin zuten Bergaran. Mikel Zubimendi, ezker abertzaleko kidea eta legebiltzarkide ohia, gonbidatu zuten hitzaldia ematera. 

Bergarako ezker abertzalearen deiari erantzunez, euren burua ezker abertzalekotzat dutenak Irizar jauregian batu ziren atzo iluntzean. Yolanda Juaristi eta Jesus Mari Garitanoren gidaritzapean, ezker abertzalearen ibilbideari errepasoa egin zioten eta Sorturen sortze prozesuari begira ipini ziren.

Herriz herri egingo dituzte atzo Bergaran egindako aurkezpen-bilera modukoak eta dinamika izango da, oinarri ideologikoen eta antolakuntza ereduaren gaineko txostena abiapuntu hartuta, eztabaidatzea, otsailaren 23ko kongresura begira; prozesu herrikoia eta parte-hartzailea izatea gura dute.

Zubimendi, hizlari-gonbidatua

Atzoko aurkezpen-ekitaldia borobiltzeko, ezker abertzaleko kide eta legebiltzarkide ohi Mikel Zubimendi gonbidatu zuten hitzaldia ematera; erreferente bat Bergaran eta Euskal Herrian, Jesus Mari Garitanoren hitzetan.

Aro honetako galdera askoren erantzunak gure historia propioan bilatu daitezkeela esan zien Zubimendik bergararrei eta etorkizun berria eraikitzerako orduan badirela ezker abertzalearen kultura militante eta politikoan deseraiki beharreko hainbat kontu.

Indarrak biltzea, indarrak metatzea izango da helburu nagusietako bat eta, bide horretatik, iritsiko da estatuarekin bi-aldekotasun horretarako aukera, Zubimendiren esanetan. Baina ez du uste bide orria markatuta dagonik, ezta pronostikoa idatzita dagoenik ere. Aurkikuntza etengabe batean abiatzen garela eta gakoa asmatzean dagoela dio.

Talde argazkia aterata bukatu zuten atzoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak