Euskarazko liburuak trukatzeko azoka deitu du aurten ere Jardun euskara elkarteak. Ekimenaren helburu nagusia euskal irakurketa sustatzea da, liburuen berrerabilpena bultzatuz.
Horretarako, dagoeneko erabili ez eta egoera onean dauden liburuak Jardunek kultura etxean duen bulegora eraman daitezke, azaroaren 5etik 22ra, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara –egubakoitzetan 18:00etara.
Eramandako liburuak sailkatu egingo dira adinaren arabera –haur, gazte eta heldu– eta liburu bakoitzeko txartel bat emango dute Jardunen. Hori horrela, txartel bakoitza sailkapen bereko edozein liburugatik trukatu ahal izango da truke azokan. Hain justu, truke azoka bi egunetan egingo dute: azaroaren 23an, 18:00etatik 20:00etara; eta azaroaren 24an, 11:00etatik 13:00etara. Bietan ala bietan, San Martin plazako arkupeetan egingo da truke azoka.
Puntua eta gantxilloa
Puntu eta gantxillo ikastaroa ere antolatu du Jardun euskara elkarteak gazteendako; 25 urtera arteko gazteendako, hain zuzen ere.
Azaroaren 11n, 18an eta 25ean izango dira eskolak, 18:00etatik 19:00era bitartean, Zabalotegi aretoan.
Izenematea dohainekoa da eta horretarako azken eguna azaroaren 7a izango da, Jarduneko bulegoan (kultura etxea) edo 943 76 36 61 telefono zenbakira deituta.