Martoko kalean kokatuko du DYAk giza-osasun zerbitzuak eskaini ahal izateko bulego berria, hain justu ere, orain arte hauteskundeetan erabili ohi izan diren gela biak utziko dizkio Udalak. Horrez gain, anbulantziak aparkatzeko toki berezia ere erreserbatu da inguruan. Irailaren amaieran kokatu zen DYA Martokon; anbulantziak dagoeneko tokian dira eta errotulazioa ere ipini dute. Dena dela, inaugurazio ofiziala azaroaren 10ean egingo dute.
Antzuolakoarekin DYAk Debagoienean irekitzen duen bigarren bulegoa izango da Bergarakoa.
AEPMI elkarteak ere izango du aurrerantzean tokia Martoko kalean kokatuta dagoen eskola zaharrean. AEPMI elkarteak Mitocondrial gaixotasunen ikerketekin jarraitu ahal izateko plastikozko tapoiak biltzeko kanpaina martxan jarri du urtebeterako. Bada, kanpaina bukatu arte Udalak eraikinaren sarrera utziko dio elkarteari biltegi moduan erabiltzeko.
Azkenik Martokoko lokaletan, burdinazko hesiaren barnean dagoen ezkerraldeko lehenengo lokala biltegi moduan erabiliko du Caritasek. Europatik etorriko den janari soberakina gordetzeko biltegi moduan erabiliko dute Elikagaien bankutik datorren janariarekin batera banatzeko.
Odol-emaileak azokan
Oxirondo azokako bi gela ere utziko ditu Udalak. Lehenengoa odol-emaileen elkartearendako izango da. Bulegoko lanak egiteko eta material biltegi moduan erabiliko dute. Odol ateraldiak orain arte bezala anbulatorioan egingo dira.
Bedelkar da azokan kokatuko den bigarren elkartea. Honek ere bulegoko lanak egin ahal izateko erabiliko du kokaleku berria.