Salbuespenak salbuespen udal tasak %3 igoko dira 2013an. Igoera hori izango dute, esaterako, zaborraren, uraren eta estolderiaren tasek eta kanposantuko zerbitzuak; baita etxez-etxeko zerbitzuak edo Mizpirualde zaharren egoitzak.
Igoera are handiagoa izango dute kiroldegiak eta igerilekuek. Kasu honetan tasak %5 igoko dira. "Aspalditik Udalak baditu zerbitzu batzuk oso defizitarioak direnak, esaterako Agorrosin. Defizit hori estaltze aldera eta autofinantziazioa topatze aldera tasak igo behar izan ditugu", azaldu zuen Ogasun zinegotzi Lauri Azkargorta. Bere horretan mantenduko den tasa bakarretarikoa txakurtegiarena izango da.
Udal zergen kasuan ere gehienek %3ko igoera izango dute ekonomia jardueren gaineko zergak izan ezik, hori bere horretan mantenduko da. "Gipuzkoako Aldundiak onartutako lege baten ondorioz zerga mota hori igo egingo da eta uste dugu gehiegi izango litzatekeela Udalak ere zerga igotzea", azaldu zuen bilkuraren amaiera Azkargortak.
Udal Gobernuak azaldu zuen bi faktore izan dituela kontuan ordenantza fiskalen igoera proposatzerakoan: "Alde batetik krisi ekonomikoak gogor eragin digu eta bestetik ematen ditugu zerbitzuek, kalitate maila mantenduz, sortarazten dituzten gastuei aurre egin beharra daukagu". Gaineratu zuten 2013a 400.000 euroko defizitarekin hasiko duela Udalak 2009ko foru fondoa itzuli beharra duelako.
EAJ tasak izoztearen alde
Oposizioak gobernuaren proposamenaren kontra bozkatu zuen. EAJko zinegotzi Aintzane Oiarbideren esanetan "garai zail hauetan Udalak lehentasunak markatu behar ditu eta zalantza barik justizia sozialean oinarritzen den herritar ororen eskubide eta babesa" dira EAJren lehentasuna. Zentzu horretan adierazi zuen Udal Gobernuaren proposamenak ez duela justizia soziala babesten ezta "kudeaketa on baten praxia on bat betetzen" eta Udal Gobernuarena "politika errekaudatzailea eta diru-bilketa hutsa" dela. Oiarbidek azaldu zuen bergarar askok egoera oso larria bizi dutela eta Tavex eta Arcelor Mitaleko langileen egoera ekarri zuen gogora. Gaineratu zuen testuinguru horretan ez dutela uste "tasak igotzea denik premiarik handiena". Jeltzaleek Udal Gobernuari eskatu zioten tasa guztiak izoztea eta gastu arrunta murriztea.
Atez atekoaren gastua
Atez ateko zabor bilketak izango duen gastua azaltzea ere eskatu zuen Oiarbidek: "Ez daukagu informazio zehatzik. Dakiguna da Mankomunitateak ateratzen dituen pleguetan 18 milioi euroko gastuak azaltzen direla eta 7 milioi euroko inbertsioak aurreikusten direla, baina ez dakite nola kalkulatu bilketaren kostua. Ez dauka zentzurik tasak igotzea eta beharrezkoa ez den zabor bilketa batean horrelako dirutza gastatzea".