Irailaren 26ko greba asanbladan sortutako B26 (Beti 26) taldeak arlo sozialean gobernu ezberdinek egiten ari diren murrizketen aurka protesta egin zuen atzo arratsaldean.
Zarata handia egin eta entzunak izateko, B26 mugimenduko kideek txilibituak, klaxonak, zintzarriak eta zarata egiteko balio zuen edozer gauza erabili zuten. Protesta egin zutenek; bankuei emandako laguntzak; eta osasun, gizarte eta kultura arloetan egindako murrizketak kritikatu zituzten. B26 mugimendukoek San Martin plazan hasi zuten protesta eta Bergarako erdialdeko kaleetan barrena ibili ostean, herriko plazan bukatu zuten. Burrunbadaren ostean hurrengo hilabeterako protestaldia prestatzeko asanblada egin zuten.
Azaroaren 26 ere kalera
Atzoko asanbladan, azaroaren 26an egingo duten protesta erabaki zuten: emakumeen kontrako erasoen aurka kalera irtengo dira. B26 mugimendua ekimen anitza eta irekia da eta parte hartu nahi duen norbanako edo kolektiboei irekita dago.