Jesus Mari Ugalde: "Azaroaren hasieran irekiko dugu Bergarako Olaso Dorrean Jakiunderen egoitza berria"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urriaren 27a

Bergaran 1957an jaioa, Kimika Fisikoko katedraduna da; Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko irakaslea, 1994a ezkero. Bere ibilbidean zehar 200 argitalpen zientifiko baino gehiago eta zientzia zabalkundeko 20 saiakera plazaratu ditu. 2003an, Euskal Ikerketa saria irabazi zuen. Bergarako erretiratuen elkarteko Kultura Hamabostaldian antolatutako ekitaldien artean berbaldia eskaintzera etorri da Bergarara; aitarekin batera agertu da Migel Altunara.

Aitarengandik, etxetik, datorkizu kimikarako eta fisikarako zaletasuna?

Ez. Bergarako eskola elementalean, Migel Altunan, egin nituen ikasketak eta, handik, Eibarrera joan nintzen Unibertsitate Laboralera. Handik, unibertsitatera. Zaletasuna sortu zitzaidan Eibarko bigarren eta azken kurtsoan, unibertsitatera joan aurrekoan. Baina ez nuen amorru handirik kimikarekiko. Hiru karrera apuntatu behar ziren eta Kimika, Fisika eta Matematika aukeratu nituen. Batetik, zientzien alorretik egin nituelako ordura arteko ikasketak; bestetik, Medikuntza eta Osasun Zientziak ez nituelako nahi. Gero, Ingeniaritza aparte utzita neukan. Kimika hartu nuen, baina txiripaz izan zela esango nuke, ez hausnarketa sakonen ondorioz, ez eta kimika kontuetarako zaletasun berezi-berezirik neukalako ere.

Pedro Migel Etxenikerekin lotu izan zaitue sarritan. Harekin ikasitakoa, lan egindakoa zara; hura zure maisu izandakoa da?

Ez. Ez dugu izan ikasle-maisu harremanik, zoritxarrez. Eta Etxenikerekin, nik baino lan askoz gehiago egindako jende asko dago. Bide ezberdinetik jo dugu; nire lana, bereziki, fisika atomiko eta molekularrera bideratu da. Jakina, noizean behin, topo egin dugu eta hiru-bat lan elkarrekin argitaratuta dauzkagu. Hori bai, adiskideak gara eta zientziazkoak ez diren alorretan egin dugu lan, bereziki.

Esaterako, ze alorretan?

Jakiunde da bat. Beste bat, Donostia International Physics Center delakoa. Biak gara zentro horretako kide eta hark lan asko egiten ditu zientifikoez gain. Elkarlanean jardun dugu bertan. 2005ean, hamabost bat Nobel saridun ekarri genituen Donostiara, Einsteinen bost artikuluren 100. urteurrena ospatzen zela-eta. Ekarri genuenetako bat, Rolf Hoffmann, nire maisu izana da. Bueno, bada, hori guztia antolatzeko-eta elkarrekin jardun genuen Etxenikek eta biok. 

Nor gara gu, zer gara gu… izarren hautsa gara gu. Izenburu hori aukeratu duzue Bergarako erretiratuen Kultura Hamabostaldiko hitzaldirako. Zergatik izenburu hori?

Guk geuk materia dugu, materiaz eginda gaude eta materia atomoz egina dago. Eta atomoak unibertsoan sortu ziren; ez dira beti egon. Halako batean Big-Banga gertatu, unibertsoa sortu eta handik 100.000 urtera sortu ziren atomoak. Lehengai batetik sintetizatu ziren. Hortaz, berba jokoak egin ditut, bi abestiren izenburuak uztartuz eta horiek atomoekin, unibertsoarekin, lotuz. Probokazioa izan da. Atomoak ere izarren hautsetatik sortu ziren. 

San Joxepe erretiratuen elkarteko kideekin elkartu eta haiei eman diezu berbaldia. Entzuleria horretarako propio prestatutako berbaldia?

Bai. Publiko bakoitzak bere diskurtsoa du eta honek ere badu du berea. Istorio bat kontatu dut. Ez dut ez fisika, ezta kimikarik aipatu. Unibertsoaren materiaren sorreraren gainean jardun dut.

Inportantea da Bergarakoa bezalako erretiratu elkarte indartsu eta dinamikoa edukitzea?

Bai. Geroago eta gehiago izango dira gisa honetako elkarte dinamikoak. Izan ere, nahiz eta beranduago erretiratu, luzaroago iraungo dugu oraingo eta hurrengo belaunaldikook. Bizitzeko beste modu bat eskaintzen dute elkarte hauek: etxean egon beharrean, ekimenak bultzatu, elkartu…

Ze harreman izan dezake Jakiundek erretiratuekin?

Harreman organikoak oso elkarte edo jende gutxirekin ditu Jakiundek. Gehiago dira harreman informalak, aldian aldikoak. 

Datozen lau urteotarako helburu nagusietakoa, ekimen desberdinen bitartez, Jakiunde jendarteratu eta ezagutzera ematea da. Zer egiten ari zarete hori lortzeko?

Jakiunde jendarteratzeko fasean gaude eta ikasleekin-eta bagabiltza ekimenak lantzen. DBHko ikasleendako hitzaldi sortarekin jarraituko dugu, Jakin-mina izenekoarekin. Eta unibertsitateko lehen kurtsokoekin ere topaketak egiten ditugu: Jakitunekin, modu informalean, kezkak-eta partekatuz, ikus dezaten ikasleek Jakitunek ere euren antzeko kezkak dituztela. 

Bergaran izango du egoitza Jakiundek. Olaso eta Rezabal dorretxeetan. Noizko?

Bergaran du egoitza, dagoeneko, eta prest du egoitza bera, hainbat berritze lan eginda. Hitzarmenak-eta sinatzear daude: Olaso dorrea Sorrerakundeak, Jakiundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatuko ditugu. Azaroaren hasieran egingo dugu aurkezpen ofiziala eta egoitza bera jendarteari eta hedabideei erakutsiko diegu. Olaso dorrean bertan egingo da hori. Bestetik, Jakiunderen urteko bigarren bilkura eta batzar orokorra egingo ditugu Bergaran ere, azaroaren 16an. Aurrerantzean, Jakiunderen batzar orokor guztiak egingo dira Bergaran.

Zertarako erabiliko duzue Bergarako egoitza?

Batetik, batzar orokorrak egiteko —urtean bi izaten dira, udaberrian eta udazkenean—, baina beheko partean bulego bat izango dugu eta jakintsuek erabili ahal izango dute. Bulego operatiboa Donostian izango da eta han jardungo du gure idazkariak, baina Bergaran ere aritu ahal izango da. Aukera bikaina eskaintzen digu Bergarako herriak eta egoitza honek behar diren ekitaldiak egiteko urtean barrena. Hau aukera ona da Bergarako herriarendako eta baita gure erakundearendako ere. Herriarendako akademia izatea nahiko nuke, ohiko akademiatik aldendu eta jakintsuendako bakarrik izan beharrean, herritar guztiendako izan dadila nahi dugu. 

Zenbat jakintsu ditu Jakiundek?

56. Horien artean, zazpi unibertsitate-errektore. Orain, Bergaran egingo dugu azkenekoz aukeratu diren 12 jakintsuen etorrera ekitaldia.

Jakin-minez eta interes bereziz jarraitu duzu Felix Baumgartnerrek estratosferatik lurrera egin duen jauzia?

Ez diot kasu handirik egin. Berez, espektakulua sortzeko ekimena iruditzen zait. Dena den, entzun diedanez Arratibel medikuari eta Armentia astrofisikoari, Iruñeko Planetariumeko zuzendariari, esan dute hortik nahikoa datu interesgarri aterako direla zientziarako eta medikuntzarako, estratosfera nahikoa ezaguna den arren. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak