Kantu zaletasuna sustatzen
Bergarako Orfeoioko arduradunen esanetan beti izan dute "ardura berezia herriko kantari gazteen formazioan eta garapenean" eta lan horretan jarraitu nahi dute. Musika Eskolako gaztetxoei bereziki, eta Bergarako kantari gaztetxo guztiei orokorrean, kantatzeko aukera eman nahi diete.
Zentzu horretan gainera, Musika Eskolaren eta helduen orfeoiaren arteko zubi-lana egiten jarraitu nahi dute: "Musika Eskolako abesbatzako kide diren neska-mutikoak 13 urte bete eta Musika Eskola uzten dutenean gure taldera batzera animatu nahi ditugu".
Helburu horrekin, pasa den ekainean, Orfeoiak eta Musika Eskolak elkarlanean, eta Aitor Bianek gidatuta, egun osoko tailerra egin zuten. Elkarrekin bazkaldu ostean egindako lana Santa Marinan erakutsi zuten. Ekimenak emaitza polita izan zuen eta bide beretik jarraitzeko asmoa azaldu dute.
Orfeoiarekin elkarlanean
Musika Eskolarekin bakarrik ez helduen orfeoiarekin ere harremanak estutu nahi ditu Bergarako Orfeoi Gazteak. Proiektu bera direla erakutsi nahi dute: "1992az geroztik Bergarako Orfeoiak gazteen taldea izan du erreleboa eta Orfeoiaren jarraipena bermatzeko. 2002an garai berri bati ekin eta Gabero sortu zen. Orain bien arteko harremana estutu nahi dugu azken finean proiektu berdina garelako".
Entseguak astelehenetan
Bergarako Orfeoi Gazteak hasi ditu dagoeneko 2012-2013 ikasturteko entseguak. Dena dela, gogorarazi nahi dute taldea zabalik dagoela eta izena emateko aukera badagoela oraindik ere. Astelehenero elkartzen dira Santa Marina elizako sakristau etxean 20:00etan. "Kantuan egitea gustuko duten gazteei entsegura gerturatzeko esan nahi diegu, beldur barik gainera. Kantuan egiteaz gain ondo pasatuko dute-eta".
Alaitz Urkia da zuzendari berria eta Aitor Bianen laguntza ere izango du.