Turismoa eta Ondarearen inguruko ekimenak azaroan

Asier Alkorta 2012ko urriaren 23a

Ondarearen eta turismoaren ikuspuntutik Bergarak daukan aberastasuna plazara atera nahi du azaroan Udaleko Turismo Sailak eta horretarako hainbat ekimen antolatu dituzte. Horietako batzuk herrira begira izango dira eta beste batzuk kanpora begira. Guztiek ere etorkizuna eta iragana uztartuko dituzte Turismo Saileko ordezkariek uste dutelako bien arteko batura dela egungo ondarea. Besteak beste bisita gidatuak egingo dituzte Angiozarren Herio Anderearen erritua ezagutu ahal izateko eta baita autokarabana topaketa ere.

Angiozarren bisita gidatuak

Herio Anderearen erritua Antolatutako ekimenetako bat Angiozarren kokatutako da eta garai bateko heriotza-errituekin zerikusia dauka: "Ez hain aspaldi heriotza bizitzaren osagai zen gurean eta joandakoaren oroimena ez zen oroimina, ez hala beharrez. Heriotzaren inguruan oso erritu zehatzak izan dira euskal gizartean, bai kristautasuna nagusitu baino lehen, bai ondoren. Bergaran bertan baditugu horren aztarna batzuk eta erritu batzuk bizirik mantentzen dira", azaldu digu Udaleko Turismo teknikari David Zapirainek. Bada erritu horiek ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte azaroaren 1ean eta 3an. Angiozarko kalean elkartuko dira 11:00etan eta Elizamenditik abiatuta gero, San Migel elizaraino joango dira.

Autokarabana topaketa

Autokarabanen topaketa Bergaran turismoa sustatu eta ingurukoak erakartzeko bestetik, autokarabana topaketa antolatu dute azaroaren 17 eta 18rako. Euskal Herriko autokarabanistak batzen dituen Sorbeltz elkartearekin batera antolatu dute topaketa. "Turismo mota hori ezin egokiagoa da Bergararendako eta jasangarria da gainera. Bestetik karabanistekin eurekin egon nahi dugu elkarren berri izateko eta beraien beharrak aztertzeko ahalik eta zerbitzu hobea eskaini ahal izateko", adierazi du Zapiranek. Labegaraietan elkartuko dira eta irteerak egingo dituzte mendira eta baita bisita gidatuak herrian bertan ere. Erreileno dastatzea Eta Bergarako turismoaz eta ondarez hitz eginda ezin erreilenoak ahaztu.

Azaroaren 24an Munibe plazan erreileno dastatzea egongo da. Azkenik, egitaraua ixteko, azaroaren 30ean, Irizar jauregian Ekonomia morala: ekonomia, ondarea eta historia Bergaran izeneko hitzaldia eskainiko dute David Zapirain eta Juantxo Madariagak 19:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak