Maite Arantzabal: "Zambiako Kalwala Village herrian egin nuen proiektua, eta bertan daramaten bizimodua egin genuen"

Laida Beristain 2012ko urriaren 23a

Maite Arantzabal (Bergara, 1991) Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultatean dabil, Irakasle ikasketen laugarren maila egiten. Iazko ikasturtean Holandara joan zen, Erasmus bekarekin, ikasturtearen zati bat han egitera. Holandako ikasketa planak Zambian hiru hilabeteren barruan proiektu bat egiteko aukera eman zion beste bi ikaslerekin batera.

Zertan datza Zambian burutu zenuten proiektua?

Hiru ikasle joan ginen, Maite Floris eta hirurok, eta Zambia iparraldeko Kalwala Village deituriko herri batean egin genuen proiektua. Maite eta biok Haur Hezkuntzako ikasleak gara eta Florisek, berriz, Commercial economy ikasten du. Holandako unibertsitatean ipini ziguten baldintza bakarrenetakoa   Kalwalan egingo genuen proiektuak gure bi ikasketak batu behar zituela izan zen; hau da, hezkuntza eta ekonomia.

Buruari mila buelta eman ostean, emakumeari indarra eta lekua eman nahi geniola erabaki genuen, Women's clubhouse izeneko eraikina sortuta, bertan herriko emakumeek haurrentzako eskolarako uniformeak egin eta saltzeko. Izan ere, Zambiako eskoletan derrigorrezkoa da haurrak uniformearekin joatea, eta inguruan ez dago salgunerik. 

Herriko jendeak asko lagundu zigun eta Kalwala herrian dagoen igeltserotza eskolako 13 ikasleek gure eraikina egiten laguntzea lortu genuen. Emakumeek beraiena izango zen eraikina eraikitzen ere asko lagundu ziguten. 

Floris izan da diruaren arduraduna; material erosketa, eraikinaren prozesua, garraioaren ordainketa, eta abar. Bitartean, Maitek eta biok astean behin emakumeei ingeleseko klaseak ematen genien, eta jada ingelesa zekien emakume bati Excel programako klaseak ere bai, dendako salmenta eta kontabilitatea eramaten jakiteko. Gainontzeko egunetan, eraikinean egoten ginen langileak kontrolatu eta argibideak emateko.

Proiektuaz gain, zerbait gehiago egin zenuten Zambian?

Proiektua unibertsitaterako ofizialki egin dugun lana izan da, baina, honetaz gain, gauza asko egin genituen. Kalwala Villageko umezurztegian egon ginen bizi izaten, 20 haurrekin, eta familia bilakatu gara. Hantxe daramaten bizimodua egin genuen, hiru zambiar gehiago ginen. Horretaz gain, eskolako lanetan ere laguntzen genien.

Erraza izan al zen Zambiako jendearekiko tratua?

Egia esan, Zambiako jendea oso jatorra da eta beti dago laguntzeko prest, baina zenbait alditan zailtasunak izan genituen; gehienbat, janaria eta eraikinerako materialak erosi nahi genituenean. Horrelako herrialde batean, jende zuria ikusterakoan, zuzenean produktuen prezioa igotzen dute. Zer azpimarratuko zenuke Holandan eta Zambian bizi izan duzun esperientziatik?

Izugarrizko esperientzia izan da, bizitzan bizi izan dudan gauzarik sinestezinena, agian. Holandan oso ondo egon gara, oso herrialde polita eta interesgarria da duten bizimodua, asko disfrutatu genuen, baina Zambiako esperientzia izan da ni gehien markatu nauena.  Bertako jendea, bizimodua, laguntasuna… ikusitako guztiak bete nau, nahiz eta gauza gogorrak ere ikusi ditugun.

Zer da, zure ustez, ikasi duzun gauzarik aberasgarriena?

Gauza asko ikasi ditut, neure burua ere gehiago ezagutu dut, baina garrantzitsuena Zambiako jendeak erakutsi dit; umezurztegiko haurrek, gehienbat. Ez daukate ezer, familia bat dira eta duten gutxia guztien artean banatzen dute. Hala ere, 24 orduetan pozik bizi dira. Guztiok ikasi beharko genuke haiengandik. Gauzak ikusteko modua aldatu dudala esango nuke. Ikusitako guztiak bete nau, nahiz eta gauza gogorrak ere ikusi ditugun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak