"Oso gustura gaude aurtengo edizioarekin, balorazio oso ona egiten dugu" zioen atzo Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Mostra antolatzen duen Taun Taun antzerki taldeko Itsaso Azkaratek aurtengo edizioaren inguruan galdetuta . Eguraldiak izan du eraginik eta hala, kalean egin behar ziren hainbat antzezlan Zabalotegiko frontoian egin behar izan dituzte. Horixe gertatu zen zapatuan Iñaki Matak eskaini zuen H,O2TOPOZ ikuskizunarekin, baita Markeliñe konpainiaren Zoomzoom antzezlanarekin ere.
Zabalotegi aretoa da Mostraren gune garrantzitsuenetako bat, eta programatutako antzezlanetan aretoa ia guztiz bete da. Zapatuan, Companya Pelmànec taldeak Diagnóstico Hamlet lana erakutsi zuen Zabalotegiko agertokian; egubakoitzean bestalde, Roberto White argentinarrak Criaturas particulares izeneko antzezlana eskaini zuen. Bergarakoa gainera, Whiten antzezlanaren Euskal Herriko estreinaldia izan zen.
Ez da hori izan Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahal izan den antzezlan bakarra. Gauza bera gertatu da Ymedioteatroren Sie7e ikuskizunarekin ere. Formatu txikiko antzezlana da berau, Errege Mintegiko arkupetan jarritako gurdian egin dutena eta Itsaso Azkarateren esanetan, emanaldi guztietan bete dena. Beste estreinaldi arrakastatsu bat: Merçè Gosten Sota Mínims. Pikupe Produkzioaken bulegoan izan da ikuskizun berezi hau eta askotariko publikoaren interesa piztu du. Ikusleek eurek aukeratu dute zein antzezlan ikusi, eta jatetxe izpiritu hori jarraituta, antolatzaileek tragoxka bat eta gilda bat jateko aukera izan dute antolatzaileen eskutik.
Artistak ere gustura
Artistak ere gustura geratu dira Mostrarekin; horixe zioen behintzat atzo Merçè Gostek: "Asko gustatu zait, eta gainera maila handia dago. Nire lanak erantzun ona izan du. Publikoa oso ona izan da, uste dut konektatu duela kontatu gura nuenarekin; hori nabaritu egiten da". 1.998an ere izan zen Gost Bergaran, eta beretzat antolatzaileek ausardia handia erakusten dute helduentzako txotxongiloen Mostra antolatzean. Itxura guztien arabera, aurten ere merezi izan duen ausardia.