Urriaren 26an Joseba Tapia lasartearrak emanaldia eskainiko du Bergaran. Herriko Trikiti Elkarteak eta Tartufo jatetxeak antolatu dute ekitaldia, eta martitzenean egin zuten kontzertuaren aurkezpena Irizar Jauregian; bertan izan zen, gainera, musikaria bera ere.
Aitzakia polita da Trikiti Elkartearentzat kontzertua. Hala adierazi digu bertako Karmele Agirregabiriak: "Bergarako Trikitizale Elkartea sortzeko prozesuan gabiltza, eta zerbait egin gura genuen". "Trikitizale Elkartearen helburua ez da inondik inora eskolak ematea. Hori egiten dutenek ederto burutzen dute beraien lana. Guk trikitia kalera atera gura dugu elkarte berriarekin".
Baina badute bestelako arrazoia ere: "Trikitia eskolan ikasten dute, eta bikain gainera. Baina arazo bat ikusten genuen herritik kanpora ikasten duten neska-mutilei zegokienez. Hain zuzen ere, Bergaratik irteterakoan eten egiten zen askotan trikitiarekiko zeukaten erlazioa, eta beraz, aitzakia bat eman gura izan diegu lotura mantendu dezaten".Hilaren 27an Bergaran ospatuko den Euskal Herriko Trikiti Egunaren bezperan antolatu dute emanaldia. "Bere egunean Solano ekarri genuen, eta oraingoan Joseba Tapia izango da, musikari erreferentea, gainera".
Karlistadetako istorioak
Bi urte igaro dira Joseba Tapiak Eta tira eta tunba kaleratu zuenetik. Dena den, interesa pizten jarraitzen duen diskoa da, tartean beste lanekin alderatuta, gai ezberdinak jorratzen dituelako bertan. Karlisten eta liberalen kantuak jasotzen dituen diskoa da: "Nik uste oso ohituta dagoela jendea tematika honetara; euskaldunen arteko kontraesan eta talka da bertan agertzen dena. Terminologia ere egungoa da: Borbondarrak, Konstituzioa, ama birjina, legeak ekonomia..." Hala adierazi dio Tapiak GOIENARI.
Hilaren 26an izango da kontzertua Tartufon, 22:30an."Ez dugu aurreratuko zer egongo den bertan. Ezusteko handi bat prestatua dugu eta".
Sarrerak salgai daude dagoeneko.