Bergararren agur beroa jaso dute moja klaratarrek

Txomin Madina Milikua 2012ko urr. 20a, 19:35

Trinitateko eliza goraino bete da Munilla gotzainak esan duen mezarako eta mezaren ostean, mojek monasterioko ateak ireki dituzte herritarrei luncha eskaintzeko.

Jaiotzez elgetarra den Sor Sagrariok Bergarako Trinitateko monasterioan pasa ditu dituen 91 urteetatik 71. Aurrerantzean, Lekunberrin biziko da. Antzerako istorioak izango dituzte seguraski Sor Marinieves, Sor Encarnacion, Sor Maricruz eta Sor Beatrizek ere. Bost moja klaratar hauek azken hamarkadatan euren herria izan dena utziko dute, eta gaur goizean Bergarako herriak agur bero eta jendetsua eskaini die.

Txiki geratu da Trinitateko eliza Jose Ignazio Munilla gotzainak esan duen mezarako. Amaiera  hunkigarria izan du gainera mezak: han bildutako bergararrek mojei eskainitako txalo zaparrada beroa. Mezaren ostean, mojek luntx oparoa eskaini diete monasterioko klaustroan bisitan joandako senitartekoei eta orain arte herrikide izan dituztenei.

Kontenplazio-seroren lana

Ia 500 urte eman dituzte moja klaratarrek Bergaran. "Denbora horretan leialtasunez egon ostean, badakit horrelako ekitaldi batean pena nagusitzen dela; baina bizitzaren aginduz joateko momentua heldu zaie. Niretzat oso pozgarria da ikustea Bergarako herriak nola babestu dituen" azaldu du Munillak mezaren ostean eta mojek bergararren partetik jasotako esker on hitzak ere gogoratu ditu.

Kontenplazio-serorak dira Bergaran egon direnak eta Munillaren esanetan, era horretako beste konpainia bat Bergarara ekarri gura dute. Gotzainak azaldu du askotan ez dela ulertzen kontenplazio-seroren funtzioa eta lan hori goraipatu du: "Egunen baten ulertuko dugu bizi ditugun gauza on asko moja hauei esker direla; ezkutuan, Jaungoikoari errezatzen eta sakrifikatzen egindako lanari esker". "Mojak joatea aukera bat da orain arte izandako grazia estimatzeko, gure fedea astintzeko" gaineratu du Munillak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak