Txapa Irratiak egubakoitz iluntzean aurkeztu zuen denboraldi berriko egitaraua. Hogeita zortzigarren urtez uhinetan barrena iritsiko da bergararrengana, baina baita mundu osora ere, internet bitartez.
Hamazortzi irratsaio propio ekoiztuko dituzte aurten; batzuk berriak, eta besteak dagoeneko atzetik ibilbide bat dutenak izango dira. Astelehenetik domekara bitartean emitituko dituzte; eta aurrekoetan bezalaxe, Arrosa irrati sareko zenbait saio ere eskainiko dituzte 97.20 frekuentzian.
Raki txotxongiloak irratsaioak aurkeztu ondoren, gidariek hartu zuten berba saioen nondik norakoak azaltzeko, DJ Elbis Cainok musika jarri bitartean. Aurkezpenen ostean, Izaki Gardenek emanaldia eskaini zuen.
Makina bat saio
Xelebregara, Teilatupean, Gurasuak, Jar itzazu tapoiak mesedez, Kolax, Bergara Sutan... Makina bat saiorekin gozatuko dute entzuleek urte berrian.
Berrien artean, esaterako, Metapetik saioa dago. Eguaztenetan emango dute, 22:15ean hasita. "Modu kritiko batean munduan gertatzen diren gaiak azalarazi eta entzuleak hausnartzera bultzatu gura ditugu. Fracking-ari buruz egingo dugu berba, adibidez".
Irratsaio klasikoen artean, Ametsetako lurra aurkitzen dugu, 11 urtez musikaren bidez, "ideiak, emozioak, ametsak eta abar bideratzen" dituzte.
Bestalde, Txapa Irratiko zein gaztetxeko kontzertuak ere emitituko dituzte, eta taldeei elkarrizketak egingo zaizkie. Eta 90 segundu saioak minutu eta erdi baino gutxiago irauten duten kantuak jasoko ditu beste behin ere eguaztenetan emitituko den ordu erdiko saioan.
Txotxongilo Mostrari keinua
Aurkezleetariko bat Raki txotxongiloa izan zen. Modu horretan, Txapa Irratiak Bergarako Txotxongilo Mostrari keinua egin gura izan zion, urte ugaritako harreman onaren isla moduan.