Patxi Garmendia enpresari bergararra atxilotu eta askatu dute Emperador operazioarekin nahastuta

Goiena 2012ko urr. 20a, 12:00

Patxi Garmendia enpresaburu bergararra atxilotu du poliziak, ustez dirua zuritzea helburu zuen mafia txinatarraren aurka Madrilen burutu den Emperador operazioaren baitan. Garmendia aske utzi du epaileak 25.000 euroko fidantza ordainduta, hainbat hedabidek argitaratu dutenez. Altube taldeko ugazaba nagusia eta burua da Patxi Garmendia. Altube taldeak galeperrak hazi eta komertzializatzen ditu, besteak beste.

Altube taldea liderra da merkatuan bere alorrean. 2,5 milioi galeper saltzen ditu urtean; mundu mailako merkatuaren %40. Bergaran hasi ziren zeregin horretan garmendiarrak, Elgetara bidean dagoen pabilioi batean (Criadero Vascongado de Codornices S.A). Hura itxi eta Burgos eta Soria aldean ditu gaur egun haztegiak.

Horretaz gain, Kobe idiaren haragia ere komertzializatzen du, Japonetik zuzenean ekarrita.

Ehiza zalea da Garmendia eta Ciudad Realeko ehiza-barruti baten kudeaketa daroa bere enpresa batek. Finka horretan, besteak beste, Espainiako Errege Juan Carlos Borbonekin egiten du ehizan enpresaburu bergararrak. Erregearen laguna da Garmendia.

Ardogintzako eta lehen sektoreko beste negozio batzuk ere badaroatza Garmendiak.

El Pais egunkariak argitaratu duenez, enpresaburu bergararra aske utzi zuen Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Andreuk, atzo, 25.000 euroko fidantza ordainduta. Patxi Garmendiaren anaia Pedro eta horien bazkide Pablo Martinez ere aske utzi zituen epaileak.

El Pais egunkariak, polizia iturriak aipatuz, dio enpresaburu bergararrak, ustez, Argentinan zituen hainbat diru kontu zuritze zituen. Sare txinatarrak dirua eta faktura faltsuak entregatzen zizkion Garmendiari. Eta, ondoren, honek, zuzenean Txinara transferitzen zuen dirua, Argentinako bere kontuetatik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak