Iñigo Urkullu: "Herri hau aurrera ateratzeko bermea EAJ da"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urriaren 19a

Eusko Alderdi Jeltzaleak hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusietako bat egin zuen atzo Bergaran; hamabost egunotan EAJren lehendakarigaia Debagoienean izan den aldi bakarra izan zen

Joseba Egibarrek, Bakartxo Tejeriak eta Iñigo Urkulluk esku hartu zuten mitinean, eta gogoz txalotu zituzten bertaratutako herritarrek.

Sozialistei eta EH Bildukoei kritika zorrotzak egin, eta herri hau aurrera ateratzeko bermea agindu zuten.

Joseba Egibar izan zen hitza hartzen lehena eta Bakartxo Tejeria bigarrena.

Egia ezkutatu

Egibarrek sozialistei egia ezkutatzea eta programarik ez izatea egotzi zien, eta EH Bildukoei euren arazoak konpontzeko denbora behar dutelako hartu izana instituzioetara etortzeko erabakia, gaineratuz euren arazoak eta herri honen lehentasunak ez datozela bat. EAJk fidagarritasuna eskaintzen duela esan zuen eta urtetan erabakiak hartzen asmatu izana, herritarrekin kontatuz beti; alderantziz, herritarrekin ez kontatzea eta herritarrak errespetatu ez izana egotzi zien batzuri.

Egungo lehendakaritzaren ereduak jarraitzen badu, herri honek hondamendi ekonomikoan amaituko duela esan zuen Tejeriak, eta EH Bilduk ez duela EAJ ordezkatuko ohartarazi.

Jendeari erantzun

Eta ostean iritsi zen momentu gorena, Iñigo Urkullu lehendakagaria taularatu zenean. Hauteskunde kanpainan zehar hurbildu zaien jendeari egin zion erreferentzia, jende horri erantzuten asmatu egin behar dutela esanez, etorkizuna irabazi eta herri hau aurrera ateratzeko.

Herritarrek eguneroko kezkak dituztela azaldu zuen eta erreferentzia zuzena egin zien enpresariei, kezkatuta daudela esanez. Eskaerak badituztela baina finantziaziorik ez, eta erakundeetan ez dutela babesik topatzen; Urkulluk laguntza agindu zien.

Krisiari aurre egiteko plana

Zulorik gabeko gobernua agindu zuen, Gipuzkoak eta Euskadik krisiari aurre egiteko plana izango dute hitzeman eta pentsioak bermatuko dituztela azpimarratu. Eta gazteei zuzendu zien azken hitza, bizitza propioa eraikitzeko lana topatzea dutelako amets. Urkulluk lana ez, baina laguntza guztia agindu zien.

Garai zailak ditugula aurretik onartu zuten, baina den-denak irtengo garela agindu. Herri hau aurrera ateratzeko bermea eurak direla esan eta botoa eskatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak