San Joxepe erretiratuen elkartea kultura hamabostaldian murgilduta dago eta datozen egunetan ekintza gehiago izango dituzte. Gaur, egubakoitza, irekiko dute herriko erretiratuek egindako eskulan erakusketa, eta domekara arte egongo da ikusgai. Gaur 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik; bihar eta etzi, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Astelehenean, LHko ikasleen lehiaketa historiko-kulturaleko sariak banatuko dituzte, 17:00etan. 17:30ean, berriz, dantzaldia eta ogitartekoak egongo dira batzen diren guztiendako.
Martitzenean, hilaren 23an, Oñatiko Pake Leku erretiratuen elkarteko Ikusi Makusi antzerki taldeak De vecinos como estos líbranos, señor izeneko antzezlana ikusteko aukera egongo da, Zabalotegin, 17:30ean.
Urriaren 26an, San Joxepe eta Legazkiko Buztindegi abesbatzek emanaldia egingo dute, 19:45ean, Santa Marinan. XVI. Kultura Hamabostaldiaren amaiera 27an izango da, Aitonetan egingo duten bazkariarekin.
Bazkide kanpaina martxan da
Iñaki Zabala elkarteko lehendakariak azaldu duenez, bazkide kanpaina ere abiarazi dute. "Elkarteak jarraipena izan dezan jende berria behar da, ideia berriak behar dira eta nik uste dut kalean hori badagoela". Modu horretan, interesa duten herritarrei dei egiten die elkarteko bazkide egin daitezen.