Adierazi zuenez, kooperatiba energetikoek kontsumo zentzudun bat bultzatu nahi dute, hiritarren jabego eta titulartasuna izango duen energia berriztagarriaren ekoizpen propio batekin. "Enpresa energetiko handiekiko independentzia gehiago bilatu nahi dute eta kontsumituko den adina energia ekoiztea da azken helburua", gehitu zuen. Horrez gain, "zerbitzu hobea eta pertsonalizatua", eta "benetazkoa eta fidagarriagoa izango den informazioa" eskaini nahi dituzte. Eredu aldaketa bat nahi duten pertsonentzat kooperatiba hauek lanabes aktibo bat dira, bere hitzetan.
Laburbilduz, gai horren inguruan, hiritarrei boterea eta erabakitzeko aukera itzuli nahi zaizkiela eman zuen aditzera.
Kooperatiba energetikoak
Kooperatiba energetikoak Ipar Europan sortu ziren eta pixkanaka beste herrialde batzuetara zabaltzen ari dira. Gaur egun, gisa horretako kooperatibarik handienak dira Ecopower (Belgikan, 40.000 bazkide), Enercoop (Frantzian, 9.000 bazkide), EWS (Alemanian, 110.000 bezero) edo Greenpeace Energy (Alemanian, 100.000 bezero); baina gehiago daude Europa guztian zehar.
Espainian daude: Som Energia (Katalunian), Zencer (Andaluzian) eta sortu berria den GoiEner (EAEn). Hala eta guztiz ere, badira herriak, Crevillent (Valentzia), esaterako, 90 urte daramatzatenak kontsumo kooperatiba batekin.