Ekimena bi urtean behin antolatzen dute, eta duela 22 urte egin zen lehenengo aldiz. Ordutik, Euskal Herriko eta Estatuko antzerti panoraman huts interesgarri bat bete nahi izan du. Izan ere, Bergarakoa ikuslego heldu batentzat pentsatutako txotxongiloen Estatuko lehenengo mostra da.
Azpimarratzekoa da jaialdiaren jarraitutasuna. Handia ez izan arren, bere ibilbidean zehar mundu guztiko herrialdeetatik heldutako 120 artista eta konpainia baino gehiagok bisitatu dute. Besteak beste, honako hauek pasa dira Bergaratik: Richard Bradshaw (Australia), Títeres de Yangzhou (Txina), Claudio Cinelli (Italia), Green Ginger (Erresuma Batua), Two Hands (Alemania), Hugo e Inés (Peru), Diego Stirman (Argentina), Valeria Guglietti (Italia), Espejo Negro (España) eta Stephen Mottram (Erresuma Batua).
Espazio ezberdinetan egingo dira
Aurten, aurreko ediziotan gertatu den legez, ikuskizun ezberdinekin espazio ezberdinetan gozatzeko parada izango da. Hala, antzoki, taberna, gaztetxe edo kalean beren lanak eszenaratuko dituzte konpainiak, pertsona guztiei heltzeko helburuarekin.
Mostra txiki eta “familiarra” izanik, esperientziak elkartrukatzeko topaketa gune bilakatzen da, izan ere egun batzuetan jatorri ezberdinetako artistak elkarrekin bizitzen dira. Taun Taun Teatroarentzat ere esperientzia aberasgarria dela diote protagonistek, eta baita eskuzabaltasunez kolaboratzen duten Bergarako talde eta pertsonentzat ere. Taun Taunetik azpimarratu dutenez, euren laguntza gabe mostrak ez luke daukan kalitate ona mantenduko.
Datozen edizioetan zabaldu nahi dute
Horrez gain, txotxongiloaren munduarekin eta antzerti bisualarekin erlazionatutako erakusketak ere antolatu izan dira. Hurrengo edizioetara begira, mostra zabaltzea da asmoa, eta tailerrak, ikastaroak edo hitzaldiak bezalako ekimenak antolatzea.
Jaialdi berezi bat da, magia osagai garrantzitsuarekin. Bertatik ez da inor axolagabe ateratzen. Ez bisita egiten duten konpainiak, ez bertako artistak, eta ezta ikusleek ere. Azken hauen artean ohizkoak geroz eta gehiago direlarik. Eszenatokietan gertatzen denarekin xarmatzeko eta esperimentatzeko aukera paregabea da. Hitzordu guztiz gomendagarria.
Mostraren egitaraua:
URRIAK 18, EGUENA
- 20:00 LA GUINDA. Niko Baixas (Galizia). Zabalotegi aretoan.
URRIAK 19, EGUBAKOITZA
- 18:30-21:30 SIE7E. Ymedioteatro (Andaluzia). Munibe plazan.
- 19:00 / 20:00 / 21:00 / 22:00 SOTA MINIMS. Merce Gost (Katalunia). Pikupen.
- 20:00 CRIATURAS PARTICULARES. Roberto White (Argentina). Zabalotegin.
- 22:30 TITIRESKA. El Tenderete (Euskal Herria). Gaztetxean.
URRIAK 20, ZAPATUA
- 12:00 -14:00 / 18:00-20:00 SIE7E. YmedioTeatro. Munibe plazan.
- 19:00 H, O2TOPOZ. Iñaki Mata (Euskal Herria). San Martin plazan.
- 19:00 / 20:00 / 21:00 / 22:00 SOTA MINIMS. Merce Gost. (Katalunia). Pikupen.
- 20:00 DIAGNOSTICO HAMLET. Pelmanec (Katalunia). Zabalotegin.
UrriaK 21, DOMEKA
- 12:30 ZOOZOOM. Markeliñe (Euskal Herria). San Msrtin plazan.
- 19:00 / 20:00 / 21:00 / 22:00 SOTA MINIMS. Merce Gost. (Katalunia). Pikupen.
- 18:00 (familiendako) / 20:00 PROMETEU. La Fontana (Portugal). Zabalotegin.