Aroztegin erakusketa ipintzeko eskaera egiteko epea zabalik dago

Arritxu Barruso 2012ko urriaren 17a

2013an bere artelanak Aroztegi aretoan ipini nahi dituenak zabalik du eskaera egiteko epea. Hain justu ere, azaroaren 14 baino lehen egin beharko du eskaera eta besteak beste honako datuak aurkeztu beharko ditu: datu pertsonalak, artistaren ibilbide artistikoaren gaineko dosierra, erakusketaren ezaugarriak, egutegi aproposena edo erakusgai jarri nahi diren artelan edo objektuen behin-behineko zerrenda.

Bergarako Udala pozik dago azken urteetan Aroztegik izan duen bilakaerarekin eta 2013an ere erakusketek aurten besteko arrakasta izatea espero dute, "behar besteko esfortzua" egingo dute horretarako. "Aretoak hasieratik izan du erantzun ona, baina gaur egun badago jende bat erakusketa guztietara etortzen dena. Hori mantendu beharra dago", azaldu du kultura zinegotzi Leire Iruinek.  

Dena dela, kultura zinegotziak gogorarazi du eskaera egiteak ez duela esan nahi Aroztegiko urteko programazioan onartua izango denik.  Izan ere epaimahai batek erabakitzen du hori; BEARTeko Bingen de Pedro eta Luis Laskurainek, Pol-Pol Argazki Taldeko Benito Kanterok eta Udaleko kultura eta turismo ordezkariek osatutako epaimahaia da.

2012an, esaterako, hemeretzi eskaera jaso zituen Udalak eta hamalau erakusketa egingo dira guztira. Orain arte egin direnen artean badira bi bereziki arrakastatsuak izan direnak. Lehenengoa Mikel Diazena, haren familiak eta BEARTeko kideek elkarrekin antolatutakoa eta Bergara 1936 bestea. Kultura zinegotziaren esanetan Bergarako argazki zaharrak batu izan dituzten erakusketa guztiak oso arrakastatsuak izan dira beti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak