EAJk Tavexeko auzia Europako Parlamentura eraman du

Arritxu Barruso 2012ko urriaren 17a

Uztailean egindako osoko bilkuran Tavex enpresako langileek aurkeztutako mozio onartu ostean, EAJk konpromisoa hartu zuen Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzalearen bitartez Europako Parlamentuan auzi honi buruzko informazioa jasotzeko galdera eta ekimenen bitartez. Bada EAJko parlamentariak galdetu du, besteak beste, "Europako Batasuneko estatuen arteko merkataritza erreklamazioen eta denuntzien inguruan dauden aurreikuspen orokorrez gain, badagoen erreklamazioak azkartezko beste prozedurarik".

Tavex enpresako langile asko langabezian geratu ziren eta beste asko erretiratu egin zituzten eta ordainetan gehigarri batzuk adostu zituzten Belgikako borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakunde edo aseguru etxe batekin (Vitalia). Aseguru poliza hori kontratatzea oinarrizkoa izan zen negoziazio prozesuan. Bada erakundeak porrot egin du eta Belgikako Gobernuak kontrolatzen duenetik 200 langile inguru dirurik jaso gabe gelditu dira, tartean Bergarako Tavexeko langileak.

Izaskun Bilbaoren galdera
EAJk auziaren inguruko informazioa eskatu du Europako Parlamentuan. Bergarako EAJ publiko egindako prentsa ohar baten azaldu dute galdetu dutela "ze bitarteko dauden Estatuko mugez haratago porrot egindako enpresei aurkeztutako erreklamazioak azkartzeko, zehazki borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen kasuan eta batez ere langileen gizarte eskubideei eragiten dienean, langile horiek Europako beste estatu batean bizi, kotizatu eta lan egiten dutenean".  

Bestetik, EAJko parlamentari Izaskun Bilbaok bere galderetan gogorarazi zuen bereziki Tavexeko langileen kasuan espainiar auzitegiek, datu guztiak aztertu ostean, langileei arrazoia eman dietela, hau da, langileekiko duten zorra aitortu zaiela.

Bergarako EAJko ordezkariak Tavex enpresako kaltetuekin harremanetan jarraitzen dute eta enpresako sindikatuak Europako Parlamentuan egindako eskaeraren inguruko dokumentazio guztia jaso dute. Dena dela, hurrengo astean langileek bilera egingo dute EAJk ordezkariekin auziaren jarraipena egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak