Sute batek kalteak eragin ditu bart Artekaleko bi etxebizitzatan

Arritxu Barruso 2012ko urriaren 16a

Atzo gaueko 22:00ak inguruan piztu zen sua, Artekale kaleko 29. zenbakian. Eraikinak bi solairu ditu eta lehenengoan piztu zen sua. Momentuan bertako bizilaguna ez zen ohartu gertatzen ari zenaz lo zegoelako, goian bizi diren bizilagunek iratzarri zuten usain arraroa sumatu zutelako. Suaren handitasuna ikusita berehala irten ziren kalera. Bizilagunen esanetan sua "benetan ikusgarria zen" eta lehenengo minutuetan "urduritasun handia" sumatu zitekeen.

Inguruko bizilagunak ere kalean

Ertzaintza iritsi zen lehenengo sutea gertatu zen lekura eta eraikinaren aldameneko atarietan bizi diren familiak kalera atera zituen. Handik hamar minutura iritsi ziren suhiltzaileak eta sua itzaltzeko lanak hasi zituzten. Inguruko bizilagunek adierazi dutenez, sua piztu, larrialdietara deitu eta ia ordubetera heldu ziren sihiltzaileak. Gauerdirako itzalita zuten sutea eta suhiltzaileek etxebizitzak aztertu ostean, inguruko bizilagunak poliki-poliki etxeetara itzultzen joan ziren. 29. atariko bizilagunak baina ezin izan dute gaua etxean pasatu.

Sua piztu zen etxebizitzan egon dira kalte handienak. Bigarren solairua egoera onean dago baina keak erabat zikindu du guztia. Eraikinaren estruktura ez da kaltetu eta egoera onean dago Udaltzaingoaren esanetan.   

Egoera txarrean zegoen lanpara bat

Udaltzainek emandako informazioaren arabera oraindik ez dakite ziur sua zerk eragin duen baina lehenengo pisuan bizi den bizilagunak adierazi zuen logelan gaizki zebilen lanpara bat zuela eta akaso hark piztuko zuela sua. Udaltzainen esanetan "argi dagoena da sutea logelan hasi zela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak