Zientziaren garrantzia azpimarratuko dute San Joxepekoek aurtengo hamabostaldian, eta horren erakusle dira asteon egongo diren bi hitzaldiak.
Bihar, hilak 16, Jesus Mari Ugaldek –zientzialari bergararra eta Jakiundeko lehendakaria– Nor gara gu, zer gara gu... izarren hautsa gara gu delako hitzaldia egingo du, 19:00etan, Miguel Altuna institutuan. Hilaren 18an, berriz, beste zientzialari ospetsu batek, Guillermo Roak, Norteko ferrokarrilla irratsaioaren gidariak, Amatxo, hegan egin nahi dut izenekoa emango du. Oso modu atseginean, hegazkinek hegan nola egiten duten azalduko du Roak. Hori ere 19:00etan izango da, Miguel Altunan.
Irteerak
Txangoak ere egingo dituzte hamabostaldiaren barruan: 17an Elizondora joango dira; eta 24an, Getariako Balenciaga museoa ikusi eta gero, Zumaiako Marina Berri jatetxean merienda egingo dute. Batera zein bestera joateko, izena eman behar da.
Hilaren 19an, 20an eta 21ean, eskulanen erakusketa egingo dute, eta San Joxepetik azpimarratu nahi dute "herriko erretiratu guztiek" parte har dezaketela. Hilaren 22an, eskolako umeen artean egin ohi izan duten lehiaketaren sariak banatuko dituzte, 17:00etan, eta merienda eta musika ere egongo dira.
Antzerkia eta musika ere bai
Hilaren 23rako antzerki emanaldia antolatu dute. Oñatiko Ikusi Makusi erretiratuen antzerki taldeak De vecinos como estos libranos señor delako antzezlana egingo dute, 17:30ean, Zabalotegi aretoan.
Hilaren 26an, kontzertua egingo dute San Joxepeko abesbatzak eta Legazpiko Bustintegi abesbatzak, 19:45ean, Santa Marina parrokian.
Hilaren 27an itxiko dute kultura hamabostaldia. Egitarauari amaiera emateko, bazkaria egingo dute San Joxepe egoitzako tabernan, eta bazkalostean, oparien zozketa eta dantzaldia ere egongo dira. Bazkarian parte hartzeko, izena eman behar dela ekarri dute gogora zuzendaritzatik.