Hedabideei luzatutako gutunean, lantegiko lan osasun batzordeko sindikatuetako ordezkariak kexu dira enpresako zuzendaritzak ez diela eurek erakutsitako arduraren "neurri berean erantzun".
Zuzendaritzarekin dituzten desadostasunak "aspaldikoak" direla azaltzen dute oharrean, "beti" azaldu direlako "hainbat metodo erabiltzearen kontra", adibidez: "Zuzendaritzak lantokiko ezbehar-kopurua ezkutatzeko erabili ohi dituen baimen ordainduen, lan egokituen, eta abarren aurka".
Jarraitzen dutenez, "hala ere, aipatutako ezadostasunak ez dira traba izan lan osasun ordezkariok zintzotasunez egin dezagun lan Bergarako Arcelor Mittaleko Segurtasunari dagokion guztia hobetu dadin".
Salakateta haratago doa eta zehazten dute "azken urtean, ondoz ondoko lan istripuen ondorioz, Zuzendaritzak, aginte-katearen mailetan behin eta berriz zigortuz, errepresioaren bidea hautatu" duela eta batzordeak "egin dituen deiak" ez dituztela "aintzat hartu, pedagogia-zereginari, heziketari eta inbertsioari baino, bere metodoak lehenesten dituztelako, kontuan hartuz, lortzekotan, giro jasanezina eta lantokian inoiz ezagutu ez den motibazioa galtzea lortuz".
Arrazoi horiengatik Lan Osasuneko Sindikatuko kideak Lan Osasun Batzordeak aurrerantzean egingo dituen batzarretara ez direla joango iragarri dute. Protesta agerraldiak ere iragarri dituzte: urriaren 16n 13:00etik 14:30era lantokiko sarreran.