Gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusten ari omen dira EH Bildu osatzen duten alderdiak: "Beste zerga politika bat ezartzen, bakoitzak duenaren arabera bere ekarpena egiteko, pertsonak lehenetsiz eta ez negozioa". Aldaketa eredu hori "Gipuzkoatik Euskal Herri osora" zabaldu nahi dutela adierazi zuen Uberak.
Eta Espainiako Gobernuari eta EAJri –zuzenean aipatu gabe– kritika: "Madril eta Bilbo ateak ixten ari zaizkie eskubide sozial eta laboralei, giza eskubideei eta erabakitzeko eskubideari". "Askapen nazionala askapen sozialarekin batera etorriko da", gaineratu zuen, eta horretarako tresnak bilatu eta lortuko dituztela ere bai.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, zera esan zuen: "Nik jakin badakit prentsan agertzen ez den gauza bat, 21ean geuk irabaziko dugula"; eta berriz ere jarri zuen mahai gainean Jose Antonio Agirreren izena –Bergaran etxea zuela aipatuz–: "Guretzat ere eredu bat da, faxismoari aurre egiteko erabakia hartu zuelako, Jose Antonio Agirre gure ondarea ere bada".