Aspiazuren proiektuak hainbat kategoriatan izan dira sarituak. Basque Quality izeneko kategorian, esaterako, eraikuntzaren modalitatean, bergararrak Tolosako Laskorain Ikastolan egindako lana saritu zuten eta hiri-altzarien kategorian berriz, Ziekoko ibilbide paisajistikoa. Azken proiektu horrek Egurrezko Arkitektura kategorian ere, hiri-altzarien modalitatean, beste sari bat eskuratu zuen.
Seminarioko ganbarak saria
Laugarren sari bat ere jaso du Iñaki Aspiazuk Egurtek azokan, Errege Seminarioan 2010ean egindako lanarengatik; hau ere Egurrezko Arkitektura kategorian. Errege Seminarioko eraikinaren sabaiaren azpiko solairua eraberritu zuen eta horrekin batera baita eraikin osoaren irisgarritasuna hobetu ere.
Arkitekto bergararrak emandako informazioaren arabera eraberritze proiektuan ganbararen jatorrizko materialak, estruktura eta formak errespetatu dira.
Bergarako Goitu enpresarekin batera egindako proiektua izan zen. Goituk Egoin enpresarekin batera bertako Radiata pinuaren erabileraren aldeko apustu garbia egin du, lehenengo sektoreari bultzada bat emateko eta tokiko egurra sustatzeko. Errege Seminarioko ganbaran EGO-CLT izeneko materialaz eraikitako ormak erabili dira.