Iñaki Aspiazu saritu dute Seminarioko ganbaran egindako lanagatik

Arritxu Barruso 2012ko urr. 14a, 20:35

Pasa den astean izen handiko arkitektoak batu ziren BEC-en Egurtek izeneko azokaren bueltan. Eraikuntzan bertako egurraren eta egur jasangarriaren erabilera sustatzea da azokaren helburua. Bada, helburu horiekin bat egin zuten 43 proiektu ezagutu ahal izan ziren azokan eta horietako batzuk sarituak izan dira. Iñaki Aspiazu arkitekto bergararrak hiru sari jaso ditu.

Aspiazuren proiektuak hainbat kategoriatan izan dira sarituak. Basque Quality izeneko kategorian, esaterako, eraikuntzaren modalitatean, bergararrak Tolosako Laskorain Ikastolan egindako lana saritu zuten eta hiri-altzarien kategorian berriz, Ziekoko ibilbide paisajistikoa. Azken proiektu horrek Egurrezko Arkitektura kategorian ere, hiri-altzarien modalitatean, beste sari bat eskuratu zuen.

Seminarioko ganbarak saria

Laugarren sari bat ere jaso du Iñaki Aspiazuk Egurtek azokan, Errege Seminarioan 2010ean egindako lanarengatik; hau ere Egurrezko Arkitektura kategorian. Errege Seminarioko eraikinaren sabaiaren azpiko solairua eraberritu zuen eta horrekin batera baita eraikin osoaren irisgarritasuna hobetu ere.      

Arkitekto bergararrak emandako informazioaren arabera eraberritze proiektuan ganbararen jatorrizko materialak, estruktura eta formak errespetatu dira.

Bergarako Goitu enpresarekin batera egindako proiektua izan zen. Goituk Egoin enpresarekin batera bertako Radiata pinuaren erabileraren aldeko apustu garbia egin du, lehenengo sektoreari bultzada bat emateko eta tokiko egurra sustatzeko. Errege Seminarioko ganbaran EGO-CLT izeneko materialaz eraikitako ormak erabili dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak