Euskara Plan berria herritarrekin batera diseinatu nahi du Udalak

Arritxu Barruso 2012ko urriaren 11

Bergaran, Euskara Plan berria diseinatzeari ekingo dio Udalak datorren asteetan eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditu prozesuan parte hartzera. Horretarako hainbat bilera deitu dituzte, eta lehenengoa urriaren 23an izango da. Bergaran euskararen erabileraren gaur egungo egoera zein den azalduko dute bertan eta hortik abiatuta etorkizuneko erronkak eta ekintzak zehaztuko dituzte.

Bergarako Udaleko Euskara batzordeak 2012-2015 urteetarako Euskara Biziberritzeko Plana berritzeari ekingo dio datozen asteetan. Plan horrek bete beharko dituen helburu eta ekintzen diseinuan Bergarako herritarren zein bestelako eragileen parte hartzea funtsezkoa dela uste dute. Horregatik parte hartzeko deialdi zabala luzatu nahi die bergarar guztiei.

Bi bilera ireki egingo dira; lehenengo bileran hiru urte horietarako lehentasunezko helburuak eta ekintzak finkatzea da helburua eta bigarren deialdian aukeratutako ekintzok gauzatzeko modua aztertuko da. Lehenengo bilera urriaren 23an egingo da Irizar jauregiko batzar-aretoan, arratsaldeko 18:30ean. Egungo egoeraren azterketa ere egingo da bertan.

Eta zein da Bergaran euskararen egoera eta errealitatea? Ba txostenaren aurrerapen egin digu Euskara batzordeak. Euskararen eragilera 1986az geroztik igotzen ari zen, baina azken 2-3 urteetan jaitsiera txikia izan du. Sexuari begiratuz gero, umeetan eta bereziki gazteetan neskek askoz gehiago erabiltzen dute euskera; eskolaz kanpoko mundua, neskena ere euskaldunagoa da. Adinari begiratuta berriz erabilerari dagokionean umeetan mantendu egin da azken 20 urteetan; gazteetan igoera haindia izan zen urte batzuetan, baina azken urteetan jaitsi egin da; amaitzeko, helduetan 2000. urtera arte beherantz zihoan, baina harrezkero goranzko joera hartu du. 

Bigarren bilera azaroa hasieran egingo dute eta interesa duten herritarrek udal webgunearen aurkituko dute bilerotan landuko diren edukien gaineko informazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak