Taun Taun Teatroak Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen XI. Mostra aurkeztu du. Bi urtean behin egiten da, eta duela 22 urte egin zen lehenengo aldiz. Harrezkero, Euskal Herriko eta Estatuko antzerki panoraman huts interesgarri bat bete nahi izan dutela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, Bergarako ikusleria heldu batentzat pentsatutako txotxongiloen Estatuko lehenengo mostra da.
Hala, Ikuskizun ezberdinekin espazio ezberdinetan gozatzeko aukera egongo da. Hurrengo edizioetan, mostra zabaltzea da asmoa, eta tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak eta mota horretako ekimenak antolatzea.
Trau izeneko Guillem Albaren umorezko ikuskizuna izango da mostrari hasiera emango diona. Umoreaz gain, umorearen eta poesiaren arteko bidaia erakusten du, zentzugabekeria eta txotxongiloak fusionatuta.
Obra horretan izugarrizko garrantzia eman nahi izan dio eszenaratzeari. Horregatik, txotxongiloak eta bestelako objektuak agertzen dira eszena barruan. Bestalde, erregistroa guztiz aldatzen du Albak, bere pailazo garaikidearen talentua alde batera utzita.
Hala eta guztiz ere, Trau ikuskizunean Alba ez da bakarrik egon. Besteak beste, Alfred Casas, Anna Roig, Paz Alba eta gurasoen laguntza izan du.
Lehenengo aldiz Fira Tarregaren aurreko edizioan egon zen ikusgai eta oraingo honetan Bergaran izango da urriaren 18an, arratsaldeko zortzietan, Zabalotegi aretoan. Beste hainbat jaialdi eta aretotan ere egon da ikusgai ikuskizuna. Besteak beste, Almeriako antzerki jaialdian eta Bullagas Pailazoen Nazioarteko jaialdian.
Sinopsia
Ikuskizunak gizakia ez den pertsonaia baten mundu irreal batera eramaten du ikuslea. Gizakia ez den arren, giza ekintzak egiten ditu. Ez dauka ilerik eta oso motel ibiltzen da oinez. Pertsonaiak bere mundu propioa sortu nahi du bere inguruan aurkitzen dituen gauza ezberdinak gordeta.