Dagoeneko erabaki dituzte Bergarako Udaleko Kirol zerbitzuak Arizondo Argazkizale elkartearen laguntzarekin antolatutako 22. Kirol Argazkien lehiaketako emaitzak eta sari-ematea urriaren 19an egingo dute, 20:00etan, Aroztegi aretoan.
Koloretako sailkapenean, Bergaran geratu dira lehenengo bi sariak. Hain justu ere, Jorge Murgiondok jaso du lehen saria, Belodromoan lanarekin eta bigarrena, Jose Agustin Gurrutxagak eroan du, Orain bai izeneko argazkiarekin. Hirugarren saria Legorretako Xabier Matak jaso du Alpesetan lanarekin eta herriko saria, berriz, Gurutz Beitiarendako izan da, Surfista II delako argazkiarekin.
'¡Redios!' zuri-betzeko onena
Zuri-beltzeko arloari dagokionez, Soraluzeko Carlos de Cos Azkonaren ¡Redios! lanak jaso du lehenengo saria. Bigarrena, Miguel Cavero ordiziarrak eraman du Cavero lanarekin eta hirugarrena, berriz, Jose Agustin Gurrutxaga bergararrarendako izan da, Lanzamiento lanagatik. Herriko sariari dagokionez, Juanjo Lopez Azurmendik jaso du Laboche Este lanarengatik.

'¡Redios! Carlos de Cos azkonaren lana.
128 argazki jaso dituzte
Sariak erabakitzeko epaimahaiari dagokionez, hiru argazki elkarteko kideek osatu dute: Iñaki Kaperotxipi, Zarauzko elkartekoak; Jose Mª Arrigain, Gipuzkoako elkartekoak; eta Julian Gilek, Ikatza elkartekoak.
Jasotako lan kopuruaren kasuan, guztira 128 argazki jaso dituzte antolatzaileek. 18 partaidek –6 bergararrak– bidalitako 52 argazki, zuri-beltzekoak izan dira; eta 24 partaidek bidalitako –8 bergararrak– 76 argazki, koloretakoak.
Jasotako argazkiekin erakusketa ere antolatu dute. Hain justu ere, 40 argazki egongo dira ikusgai, 16 zuri-beltzekoak eta 24 koloretakoak. Erakusketa dagoeneko zabalik dago urriaren 28ra bitartean, Aroztegi aretoan, ohiko ordutegian.