Hamar urteko bidearen balorazioa egiteko, eta Idazle Eskolaren etorkizuna ezagutzeko, Tere Irastortza, zuzendari eta irakaslearekin egin dugu berba.
Idazle Eskolak 10 urte bete ditu. Urteurren borobila.
Bai. Ilusio handiarekin hasi ginen. Proiektu berritzailea zen eta ez genekien zer nolako harrera izango zuen herritarren artean. 10 urte bete ditugu, eta oso pozik gaude orain arte egindako bidearekin. Gainera, graduondokoa egiteko asmoa duten herritar asko daude, eta izen-ematea oso ondo doa.
Zorion bikoitza eman beharrean gaude orduan: hamarkadarengatik eta proiektua sendotzeagatik.
Bai, zorionak hartzeko moduan gaudela esango nuke. Oso pozik gaude orain arte egindakoarekin eta, zailtasunak gaindituta, lanean segitzeko asmoz gaude.
Urtemuga betetzeko ekitaldi bereziak egingo dituzue.
Bai, hala da. Graduondokoak betiko bidea jarraituko du, baina hamargarren urtemuga dela-eta, ekitaldi bereziak egingo ditugu. Alde batetik, Idazle Eskolako ikasleek egindako saiakera akademikoak oinarri hartuta, lan horiek saiakerak dibulgatzaile eta literario bihurtzeko bidea egingo dugu.
Beste alde batetik, azaroaren 10ean, Bergaran, Idazleak Irakurle mintegiko lehen saioa egingo dugu. Jerardo Elortza oñatiarrak gidatuta, Bergara Literaturan eta Telesforo Monzonen lanen talde-irakurketa egingo dugu. Ekitaldia irekia izango da: gure ikasle diren eta izan direnendako, eta herritar guztiendako. Azkenik, egun berean, Idazle Eskolatik sortu diren idazle berriak eta horiek idatzitako lanak erakutsiko ditugu; besteak beste, Joseba Peña, Ione Gorostartzu, Mikel Agirregomezkorta, Leire Zubeldia...
Idazle berriak ezagutuko ditugu orduan.
Orain dela 10 urte proiektua martxan ipini genuenean euskal idazleek egiten zutena ezagutarazi gura genuen. Hori horrela, gure irakasle guztiak Idazle Elkarteko kideak dira: Harkaitz Cano, Aizpea Goenaga, Andu Lertxundi, Edorta Jimenez, Paulo Iztueta, Itziar Gomez...
Zein helbururekin sortu zenuten Idazle Eskola?
Euskal idazle gehienen iturria gaztelania zela. Ordu hartan euskaraz idazten zen gaztelaniatik itzulita. Joera hari buelta emateko sortu genuen Idazle Eskola. Literatura alorrean, akaso, hasiak ziren egoera aldatzen.
Idazle Eskolara datozenek askotariko lanbideak dituzte: medikuak, ingeniariak, kazetariak, irakasleak, administrariak... Itzulpengintzaren errotak mugitzen zuen euskarazko produkzioa. Gure asmoa zen errota horri buelta eman eta euskarazko sormena indartu.
Hamarkada eginda, orduko helburuak bete direla esango zenuke?
Bai. Hasierako helburuak bete dira, eta bidean beste hainbat sortu dira. Askotan erakutsi ez ditugun gaiak landu ditugu.
Oso erakargarria da izen handiko idazleak izatea Idazle Eskolako irakasle.
Erakargarria da. Baina, aldi berean, idazle izan gura dutenei izen handiko idazleak eta euren lanak ezagutzeko aukera ematen diegu.
Zein da Idazle Eskolan erabiltzen duzuen metodologia?
Gure eskolatan ez da teoria gehiegi ematen. Ez da literatura gomendatzeko leku bat, baizik eta, hainbat testu genero nola idatzi erakusten duen lekua: nola idatzi antzerkia, poesia, eleberria, ipuina... Abiapuntua, beti, norbere gaitasuna da. Hortik aurrera erakusten diegu testu ezberdinetan idazteko erabili beharreko estrategiak. Norbere lanaren zuzenketan oinarritzen den metodologia erabiltzen dugu.
Hori horrela, ikasle guztiek testuren bat idazten bukatzen dute?
Lehenengo ikasturtean, idazten diren testuak, astebetean bukatu beharrekoak dira. Bigarren urtean, aldiz, ikasle bakoitzak proiektu propioa egin behar du, berak aukeratutako tutore batekin. Gutxienez 30 eta gehienez 40 orri dituen lana idatzi behar dute.
Lan horiek guztiak publikatzen dira?
Graduondokoak bi bide ematen ditu lanak publikatzeko: webgunea, www.idazten.com, eta aldizkaria. Idazle bakoitzak bere bidea ere egin dezake: argitaletxera joan eta bere testuaren aldeko apustua egin. Adibidez, Ione Gorostartzuk poesia liburua publikatu du, eta Joseba Peñak eleberria.
Zein da Idazle Eskolara doazenen profila?
Hasierako ikasturtean batez besteko adin tartea 40 urtekoa zen. Aldiz, azken urtetan, ikasleen %30, 27 urtetik beherakoak dira.
Lehen hamarkada beteta, beste hamar urte betetzeko asmoa duzue? Nolako etorkizun dauka Idazle Eskolak?
Ez dakigu 20 urte betetzera helduko garen. Krisiak eragina izan du gugan, bereziki, laguntzatan. Baldintza kaxkarretan gabiltza lanean azken lau urtetan. Etorkizuna? Ikasle aldetik ez dugu arazorik izango, baina laguntza bako etorkizuna aurreikusten dugu, eta ez dakigu noraino helduko garen.
Idazle Eskolan parte hartu gura duenak nora jo behar du?
Graduondokoaren eta hamargarren urteurreneko informazioa www.idazten.com atarian daukazue. Era berean, izena bertan eman daiteke.