Elur Txiki elkartea da antolatzailea, eta egiteko horretan Bergara zein Azkoitiko udalek, Elurmendi Elkarteak eta Ixaun jatetxeak lagundu dute. Gutxi gorabehera, sei lagun aritu dira aurtengo jaia antolatzeko batzordean, baina egunean bertan 40 pertsona inguru bertaratuko dira laguntza ematera.
Mendikoa, bakarrenetarikoa
70eko hamarkadaren amaieran aurreneko aldiz antolatu zutenetik, urtero jende ugari erakarri duen feria da Elosukoa. Jaiaren antolatzaile den Ainhoa Beristainek adierazi digunez, "mendiko" izendapenarekin egun egiten den bakarrenetarikoa da gainera: "Izendapen hori ematen zitzaion salerosketetarako feria izaten zelako, eta kalekoak azokak berriz, erakusketa edo lehiaketak egiteko izaten ziren".
Aurten, azken urteetan bezala, 150-200 animalia buru egongo dira azokan. "Gaur egun gremioak beherakada izan duela kontuan hartuta, "geroz eta gutxiago dira Elosuko moduko ganadu azokak", baina oraindik ere tratuak egiten direla gaineratu du, neurri apalagoan bada ere.
Egitaraua, berritasunekin
Goizeko bederatzietan hasi eta gauerdi ingurura arte egongo da zer egin Elosun. Epelde eta Lutxurdio trikitilariek alaituko dute feria egun osoan zehar. Gainera, txosna ere egongo da pilotalekuan: "Auzo batzordeak ipintzen zuen lehen, baina geroz eta gazte gutxiago gaude lan hori egiteko. Eta egunean bertan dena kontrolatuta edukitzeko 40 lagun inguru aritzen gara; ohartu ginen ez ginela guztira iristen. Modu horretan, azken urteetan Elurmendi elkarteak ipintzen du txosna".
Bestalde, zanpantzarrek kalejira egingo dute urriaren 12an Elosun, eta arratsaldean, 17:30ean, zaldi proba egongo da ikusgai, auzoko bertakoen zaldiekin gainera: "Beste urte batzuetan idi-probak egin izan ditugu eta aurten zaldiekin izango da ikuskizuna. Beti saiatzen gara protagonistak auzotarrak izatea, bai feriara animaliak eramanez, baita arratsaldeko ekitaldian parte hartuz".
Mikel Juaristi Kortatxo-k zaldiak horretarako prestatuta zituela aprobetxatuta, zerbait desberdina egitea otu zitzaien. "Egun horretan Elosura etortzen den jendeari horrelako gauzak gustatzen zaizkie, eta kasu honetan ere gozatuko dutela iruditzen zait".
Egun ezberdin bat igarotzeko gogoa duenak, beraz, "urriaren 12an hitzordu polita" topatuko du Elosun.
Egitarau osoa
- 09:00: Feriaren hasiera.
- 12:00: Napar zuztarren kalejira Gaztelura.
- 13:30: Lehiaketako sari banaketa.
- 14:00: Trikitilariak.
- 17:30: Zaldi proba: Kortatxoren eta Txibilterren zaldiak.
- Ondoren: Erromeria.
- Egun guztian zehar: Epelde eta Lutxurdio trikitilariak.
- 22:00: Kontzertuak: Bergarako Garate eta Shup Up.