Bergara izan da jeltzaleek kanpaina egiteko gaurko aukeratu duten herrietako bat. Gurean izan dira Joseba Egibar, Gipuzkoako zerrendaburua; Eider Mendoza, Batzar Nagusietako lehendakari ordea; Garbiñe Mendizabal, Alex Etxeberria eta Ane Urkiola legebiltzarkide ohiak eta hautagaiak berriz ere; eta Bergarako edota Aretxabaletako EAJko kideak.
Joseba Egibar eta Eider Mendoza, elikagai bankuko arduradunaren azalpenak entzuten.
San Juan auzoan kokatuta dagoen elikagaien bankuan hasi dute ibilbidea; instalazioak eta funtzionamendua ezagutu dituzte, Jose Antonio Agirrebeña arduradunaren eskutik. Eta behin bisita bukatuta, hitza hartu du Egibarrek. Esan duenez, gizarte bat egituratu eta eraikitzerako orduan ardatz moduan pertsona hartzean datza euren filosofiak, eta horri gehitu dio pentsatzekoa dela hala izan beharko dela etorkizunean ere: "Euskadi libre bat eraikitzeko, gizon-emakume libreak behar ditugu, eta besteen menpe dagoena edo besteek zer emango zain dagoena ez da libre".
Azaleratzen ez den beharra
Horren harira, Legebiltzarrean aurrera ateratako bi legeri egin die erreferentzia, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituzten legeei, hain zuzen, horien bitartez inor ez zokoratzea lortu nahi dela azalduz. Baina Egibarren hitzetan, beharra egon badago eta hala erakusten du goizean bisitatutako elikagaien bankuak, esaterako. Edozein kasutan, ezagutzen duguna azaleratzen den beharra dela adierazi du, baina badagoela arrazoi ezberdinengatik ezkutuan geratzen den premia ere eta horrek beste gogoeta batetara eramaten gaituela gehitu du: "Beharrezkoa ez denari uko egin behar diogu, ezinbestekoa dena guztiok izan dezagun".
Anekdota
Hitzaldia amaituta, indar armatuek euren soldaduei borrokan dihardutenean ematen dieten anoa eman diote kaxa batean sartuta elikagai bankuko ordezkariek Egibarri. Hura poltsa batean bilduta eta barrezka, Migel Altuna Instituturako bidea hartu du.
Indar armatuetako soldaduentzako anoak, borrokaldietarako.