Bestetik, larunbatean BECen egingo den Independentziaren aldeko ekitaldira joateko deia luzatu die bergararrei, Bergarako EH Bilduk. Busetan joateko, EH Bilduren lokalean eta Arrano tabernan eman daiteke izena. Busak 16:00etan irtengo dira geltokitik.
EH Bildukoek aurreratutakoaren arabera, ekitaldian, hiru ideia nagusi azpimarratuko dituzte:
- Aldaketa soziala. "Euskal Herriak aldaketa soziala behar du krisitik ateratzeko. Enplegua sortu eta banatu lan orduak murriztuz; aberastasuna sortu eta banatu, aberatsenek zerga gehiago ordainduz; azpiegitura handi eta txikitzaileetako dirua (AHT, Errauskailua,...) enplegua sortu eta babes sozialerako erabili; eta inortxo ere bazterrean utzi gabe aurrera egin. Euskal Herria aberatsa da eta ezin da onartu inor miserian edo etxerik gabe uzterik, ekonomia pertsonaren zerbitzura jarriko dugu eta ez banketxe edo multinazionalen zerbitzura".
- Aldaketa politikoa. "Euskal Herriak independentzia behar du. Zergatik erabaki behar du Espainiak gure ekonomia zelakoa izan behar den? Raxoiren esku utzi behar al dugu hezkuntza edo osasun sistema? Gure herriak independentzia behar du eta norabaide horretan egingo du lan EHBilduk. Euskararen alde, hezkuntza sistema propioaren alde, gure selekzioak ofizialak izan daitezen... Demokrazia bakarrik eskatzen dugu, Euskal Herritarrek erabaki dezatela bere etorkizuna".
- Bakea. "Euskal Herriak ez du bakerik izan azken 150 urtetan. ETAk eman ditu Aieteko Nazioarteko Konferentzian eskatu zitzaizkion urratsak. Noiz mugituko dira Estatuak? Euskal Herriak bakea behar du eta merezi du. Justizian oinarritutako bakea.Preso eta iheslaririk egongo ez den Euskal Herria; biktima guztiak aitortu eta beraien mina errespetatuko duen bakea; indar armatu atzerritarrik (Guardia Civilak, Policia Nacionala eta Militarrak) gabeko bakea".