Astebururako planik ez? Bergarako gaztetxean badago zer egin

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 9a

Zapaturako, urriak 13, hitzordu bikoitza egin dute: 11:00etan independentista eta sozialista sentitzen direnei zuzendutako 'Zukgua' prozesu eratzaileko lehen eztabaida saioa, eta 22:30ean Barduliako Punk-Oi! kontzertuak –Kaleko Urdangak, Red District eta talde sorpresa. Domekan, 18:00etan, zinekluba izango da: 'Trailer park boys'.

Duela pare bat aste jarri zen martxan Euskal Herriko herri eta txoko desberdinetan Zukgua prozesu eratzailea. Bergaran irailaren 28an aurkeztu zuten eta 50 bat gazte elkartu ziren gaiaren inguruan berba egiteko.

Prozesuaren helburua da independentista eta sozialista sentitzen diren guztientzat tresna bat sortzea eta horretarako beharrezko jotzen dute nork bere ekarpena egitea: "Gutako bakoitzaren ekarpena beharrezkoa izango da, guk nahi dugun izaera, funtzionamendua... edukitzeko, eta norbanako bakoitzaren ekarpena jasoz kolektibo bat egituratzeko".

Prozesu horretako lehen eztabaida zapatuan egingo dute, 11:00etatik 14:00etara, Bergarako gaztetxean eta, ostean, bazkaria egongo da gura duten parte-hartzaileentzat.

Gauean kontzertuak

22:30ean hasiko dira Barduliako Punk-Oi! kontzertuak: Kaleko Urdangak, Red District eta talde sorpresa. 

Kontzertuen kartela.

Film bat biharamunerako

18:00etan hasiko da zinekluba: Trailer park boys Kanadako umorezko telesail arrakastatsuaren filmaren txanda izango da aste honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak