Erregistro guztiak agerian
Andoainen jaioa, Gartzia Donostiako Andra Maria basilikako organista titularra da eta bere maisutasuna agerian gelditu zen zapatuko emanaldian. Santa Marinako organoari etekina ateratzen jakin zuen; izan ditzakeen erregistro guztiak atera zizkion organoari , bereziki, Jesus Guridiren Final piezan –bakarrik eta abesbatzaren laguntza barik eskainitako abesti bakarra–. Ikusleek ondo baino hobeto baloratu zuten andoaindarraren meritua. Txalo zaparrada benetan luzea jaso zuen abestiaren amaieran.
Andra Mari abesbatzarekin
Organo jotzaileak instrumentu polita izan zuen aldamenean: Andra Mari abesbatza. Europan barrena hainbat bira egin dituzte eta 18 disko grabatu. Abesbatza sendoa eta oso orekatua dela erakutsi zuten Santa Marinan.
Emakumeek protagonismo berezia izan zuten errepertorioan. Felix Mendelssohnen Veni Domine bereziki polita izan zen eta baita Jesús Guridiren Ave Maria ere, ahots zuriek soilik abestutakoa. Francismo Escuderoren Misa ere ikusgarria izan zen abesbatzaren oreka erakutsiz.
Santa Marina zutik
Kontzertuaren amaiera borobila eta hunkigarria izan zen. Errepertoriotik kanpora Haendelen Aleluia abestia eskaini zuten ikusleen gozamenerako; eta horiek baita eskertu ere. Santa Marinan batutakoak, zutik abesbatzari begira eta txalo zaparrada luzearekin amaitu zen emanaldia.
Hurrengo kontzertua urriaren 20an izango da Mario Duellaren eskutik.