Herriko kaleetan barrena agerraldi isila egin zuten hainbat herritarrek, bi pankartaren atzean. Gero, Bergarako plazan ekitaldia egin zuten. Markel Azkargortak esan zuenez, aitaren egoeraren inguruan "larriena, negargurea ematen duena" da "bahituta" daukatela, eta gogorarazi zuen orain zortzi urte kalean egon behar zuela.
Herrira plataformak esan zuenez, "espainiar gobernuak lehengo lepotik du burua. Europako epaitegien erabakia ez betetzeaz gain, errekurtsoa sartu berri du eta 197/2006 doktrina ezarrita duten preso politikoen egoera luzatu nahi du. Ez da konturatzen, edo ez du konturatu nahi, salbuespenezko neurriek guztioi egiten digutela kalte?"
Txaloekin bukatu zuten ekitaldia.
Bergarako udal gobernuak eta EAJk Kanto-ren berehalako askatasuna eskatzeko mozioa onartu zuten joan den asteko osoko bilkuran, eta PSE-EE abstenitu egin zen.