'Kanto'-ren askatasuna eskatzeko manifestazio isila gaur, 19:30ean

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko urriaren 5a

"Zortzi urte bidegabe preso" dagoela salatuko du Herrira plataformak, San Martin plazatik abiatuko den manifestazioan.

Bergarako Herrira plataformak Luis Mari Azkargorta Kanto-ren askatasuna aldarrikatzeko manifestazio isila deitu du gaurko, egubakoitza. Minutu bat gehiago ere ez, Kanto herrira lelopean, 19:30ean abiatuko da San Martin plazatik. Manifestazioa bukatu eta gero, ekitalditxoa egongo da San Martin plazan: abesti batekin irekiko dute ekitaldia, eta, horren ondoren, Kanto-ren senide batek haren egoeraren berri emango du. Segidan, Herrira plataformako ordezkari batek egingo du berba, eta, ekitaldia bukatzeko, beste abesti bat entzuteko aukera egongo da.

Zortzi urte 3/4ak beteta

Herrira plataformatik azaldu dutenez, datorren astelehenean, urriaren 8an, 8 urte beteko dira "Kanto bidegabe preso" dagoela. Hain justu ere, Luis Mari Azkargortak 16 urte espetxean pasa eta gero, baldintzapeko askatasunean kaleratu zuten. 2002. urtean, beste bi urte gehiagorako zigorra gehitu zioten 3/4ak bete zitzan. Hori horrela, urte hartako urrian, bere borondatez, Azkargorta Martuteneko espetxean aurkeztu zen bi urteok betetzeko asmoarekin.

'Parot' doktrina ezarri zioten

Bi urteok pasa eta 2004ko urrian zigorraren 3/4ak beteta kalean egon behar bazuen ere, gaur egun Zuerako (Zaragoza) espetxean dago preso. "8 urte hauetan ilegalki daukate preso. Kalean beharko luke, bere senide eta lagunekin", diote Herrirako ordezkariek. Eta gehitu dute: "Kanto-ri, beste 68 euskal presori bezala, 197/2006 doktrina, Parot doktrina bezala ezagunagoa dena, ezarri zioten. Hain justu, presoei zigorra osorik betearazteko sortu zen. Lege berri horrek espetxean gehienez pasa ahal den urte kopurua 30etik 40ra igotzen ditu. Azken finean, biziarteko zigorra da".

Europarentzat ez da legezkoa

Doktrina horren harira, zera ekarri dute gogora Herriratik: "Europako Giza Eskubideen epaitegiak ebatzi zuen –Ines Del Rio presoaren helegitearen harira– ez legezkoa dela eta giza eskubide oro urratzen dituela". Hala ere, "Espainiako Gobernuak itsu, mutu eta gor jarraitzen du", Herrirako ordezkarien esanetan. "Euskal Herrian zabaltzen ari den garai politikoetara egokitu baino gehiago, orain arteko espetxe politika berbera aplikatzen jarraitzen du. Mendekuan eta irabazle-galtzaile binomioan oinarritzen den espetxe politika", gehitu dute. Herrirako ordezkariek uste dute badela garaia "lehenaldiko politika ankerrak baztertzekoa eta gatazkaren ondorioak konponbidean jarriko lituzkeen espetxe politika berria egitekoa".

Hala eta guztiz ere, neurri politikoez harantzago, oinarrian giza eskubideak daudela, nabarmendu dute Herrirako ordezkariek. "Presoen giza eskubideak bermatu behar dira, eta hori ez da soilik guk, Herrirak, dioena. Euskal Herriko jendartearen gehiengo batek dioena baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak