Iñaki Espartza: "Mundua ulertzeko baliagarriak diren ikasketen bila datoz bereziki Bergarako UNEDera"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urriaren 6a

Iñaki Espartza iruindarrak bi urte egin ditu UNED-Bergarako zuzendari. UNEDen ikasle-tipologia, hezkuntza eskaintza, egoitza aldaketa… izan ditugu berbeta gai. Urriaren 19an hasiko du ikasturtea Bergarako UNEDek.

Ikasturtea hil honen 19an hasiko duzue, baina hasiera ekitaldi ofiziala noiz egongo duzue?

Aurten apur bat atzeratu egin da eta azaroaren 23an egingo dugu. azkeneko urteotan bezala, Bergarako udaletxeko Osoko Bilkuren areto ederrean. Eta gonbidatu berezia izango dugu, mediatikoa erabat, momentuko gizona: Paco Etxeberria forentsea. Ekitaldi horretan lizentziatutako ikasle titulatuei diplomak banatuko dizkiegu; 80 bat dira aurten. 

Ikasturteari dagokionez, aurtengo berritasun nagusia zein da?

Azpimarratuko nuke ez dagoela, bereziki, berritasun nagusirik edo berritasun bakar bat; izan ere, azkenaldian hasitako prozesu berritzailean edo Europako hezkuntza espaziora egokitzeko prozesuan, beste urrats batzuk eman baititugu aurten. Hainbat titulutan metodologia berriak ezarri eta metodologia zaharrak desagertzen joango gara. Bestalde, teknologia berriei dagokienez ere urrats berriak eman ditugu.

Zenbat ikasketa gradu eskainiko dituzue?

26 gradu ezberdin eta, esango nuke, arlo zientifiko guztiak daudela ordezkatuta. Geure unibertsitatearen izaerari lotutako ezaugarriengatik, medikuntza edo erizaintza ezin dezakegu eskaini, horietan, arlo praktikoak bereziko garrantzia duelako.

Guztiak daude Goi-Hezkuntzarako Europar Eremura egokituta?

Bai, nahiz eta batzuetan zalantzak izan Bologna hori zer den.

Zergatik diozu hori?

Gauza bat da planteamendu teorikoa; beste bat errealitatea. Europako herrialde guztiek urratsa batera eman behar genuen, baina hori ez da bete, ze, batzuek, ez baitute eman urrats hori eta Bolognaren dohain nagusia bazen Europa osoan homologatutako ikasgaiak eta titulazioak eskaintzea. Jatorrizko balio erantsia ez du lortu.

Zenbateraino dira garrantzitsuak berrikuntza teknologikoak UNED bezalako urrutiko unibertsitate batean?

Bereziki, gure kasuan, erabateko garrantzia dute. Halabeharrez. Gure unibertsitatea ez da horrenbeste presentziazkoa, beste unibertsitate batzuekin alderatuta. Jakinduria, ikasgelak, foroak… telematikaren laguntzaz eskaintzen ditugu. Oso inplementatuta daukagu eta etengabe berritzen ari gara.

Azken hamarkadan, Bergarako UNEDeko ikasle kopurua hazi egin dela diozue. Zelako hazkundea izan du?

Hazkundea etengabekoa da mende berrian. Iaz 250.000 ikasletik gora ziren UNEDen estatu osoan. Eta duela bost urte 200.000 ziren. Aurtengo kopuruak ez ditut ezagutzen, baina esan genezake aurten ere hazi egingo garela. 

Krisiak zerikusirik izan du?

Bergarakoan, orain arte, ez bereziki. Ez du eragin horrenbeste kuantitatiboki. Hala eta guztiz ere, gure helburua ez da kuantitatiboa. Kalitateari erreparatzen diogu bereziki, edo hori zaintzen dugu, bereziki. Ikasleak ondo artatu nahi ditugu, kalitatezko zerbitzua eskainiz. 

Zenbat ikasle daude, orotara, Bergaran?

3.000. Jakina, Bergarara astero etortzen direnak gutxiago dira. Ezin jakin zenbat, baina gutxiago. Bereziki lehen urteetan, ikasleak bertan, eskolan, egotea nahi izaten dugu.

Euskal Herrian beste non dauka UNEDek ikasketa zentroak?

Gipuzkoan, bakarra da, Bergarakoa; Bizkaian, Portugaleten; Araban, Gasteizen, eta Nafarroan bi daude, Iruñean eta Tuteran. Eta guztiak UNED izan arren, ezberdinak dira elkarren artean. 

Eta zerk egiten du berezi Bergarakoa?

Duela 40 urte sortu zen UNED eta handik oso gutxira sortu zen Bergarako zentroa. Hau da, ia sorrera-sorreratik dago Bergaran UNED. Jatorrizko lotura dauka Bergarako zentroak, garai hartan Bergarako agintariek ikusi zutelako premia hori eta apustua egin zutelako. Bergaran, hortaz, erabat erakundetuta eta errotuta dago unibertsitatea. Beste lurralde batzuetan ez da hori gertatzen eta inbidiaz ikusten gaituzte.

Ze ikasketa dira eskaera handienak dituztenak, zeintzuk dira izarrak? Zergatik?

Asko eta asko, Historia, Artea, Psikologia, Zuzenbidea, Enpresa ikasketak ikastera datoz. Mundua ulertzeko baliagarriak dira ikasketa horiek. Eta ez dago ikasle tipo jakin bat; gazteak zein helduak daude, gizonezko zein emakumezkoak. Horretan, hasieran, UNEDera etorri aurretik izan nezakeen aurreiritzia ez da bete. Agian, proportzioetan izan daitezke ezberdintasunak gurearen eta beste ohiko unibertsitate batean artean, baina, oro har, ez.

Geografikoki, nondik datoz?

Gehienak lurraldekoak dira, gipuzkoarrak. Eta, ondoren, inguruko lurraldeetatik. Bergara, Hego Euskal Herriaren erdi samarrean dago, ondo kokatuta. 

Zerk bultzatuta datoz Bergarako UNEDera ikastera?

Bereziki, jakin-minagatik, edo gaitasun zehatz bat eskuratzearren, edo lanean egonda ere, jakinduria zehatz batean sakontzearren.

Unibertsitate ikasketez gain, beste diziplina batzuk ere eskaintzen ditu Bergarako UNEDek. Zeintzuk dira diziplina horiek?

Hainbat prestakuntza, aspalditik: Osteopatia, Liburutegi laguntzailea, Giza laguntzaile izateko prestakuntza ¡zehatzak… Arrakasta handiz. Udako ikastaroak ere egiten ditugu. Aurten, esaterako, inoiz baino jende gehiago izan dugu eta oso kalitate onekoa izan da.

Euskarak ze toki dauka Bergarako UNEDen?

Gure eskaintza propioan, esaterako, Haurrak eta musika, Idazle Eskola… eskaintzen ditugu. Esan genezake gure marka direla, gure berezigarriak, eta euskaraz dira. Gure administrazioko kideekin eta ikasleekin harremanak euskaraz dira, normalizatuta dago, nahiz eta materiala gaztelaniaz egon.

Behar dituen moduko instalazioak ditu Bergarako UNEDek?

Errege Mintegia eraikin dotorea, ederra da, eta konponduta dago. Baina jatorrian ez zegoen pentsatuta gaur eskaintzen den heziketarako. Logikoa da, beste garai batekoa delako. Bestalde, herriaren erdi-erdian dago eta horrek aukerak eskaini arren, arazoak ere bai: zarata dela-eta. Esaterako, herriko jai nagusietan azterketatan egoten gara…

Teilatupea erabiltzen duzue?

Ez, horixe da berrituta dagoen zati bat, baina ez dugu erabiltzen, ez dakigulako etorkizunean bertan izango garen ala aldatuko garen tokiz.

Permutaren gaia zela dago?

Patronatuan dauden erakundeak permuta gauzatzearen aldeko dira. Baina ez da asmo erraza. Aukera guztiak aztertu behar dira eta une egokia hartu azken erabakia hartzeko. Mahaiaren gainean dago gaia eta aurki erabakiko da.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak